Bakearen Museoa
Aurreko urtean baino 3.354 bisitari gehiago izan zituen Gernika-Lumoko Bakearen Museoak iaz, denetara, 37.441 bisitari. Marka hori nabarmendu du museoak, inoiz ez baitute kopuru hori lortu. Gainera, bisitariak museoak eskainitakoagaz pozik egon direla nabarmendu du.
Iazkoaren balorazio ona eginda, aurtengoari begira dago orain museoa. Urtarrilaren 29ra arte itxita egongo da, mantenu lanak egin ahal izateko, baina gerora begira hainbat jarduera ditu aurreikusita. Otsailean, esaterako, bakearen eta ez biolentziaren nazioarteko egunaren harira, tailerrak eta ekitaldiak egingo ditu, eta, bestalde, nazioarteko arpilleren eta arpilleristen foruma hartuko du. MemoriaLab ekimena ere egingo dute museoan.
Albi baterako erakusketa “berri eta interesgarriak” ere ekarriko ditu Bakearen Museoak 2016an. Apirilera bitartean
Bakea josiz: Gatazka, Arpillerak, Memoria erakusketa egongo da ikusgai, eta beranduago jarriko dituzte Holandako NIOD-ek antolatutako
Memoria Historikoa eta museoak berak prestatutako
Bake erreferenteak.
Itsasoratze artibista: arterapia eta artibismoa izenekoa izango da urteko azkenengoa. Erakusketa bibliografiko berri bi ere hartuko ditu, Dokumentazio Zentroak antolatuta.
Urtero legez, bestalde, egun berezietako ospakizunekin bat egingo du Gernika-Lumoko museoak. Hala, museoen egunaren, bonbardaketaren urteurrenaren, bakearen egunaren, memoriaren egunaren edota giza eskubideen egunaren harira, ekitaldiak egingo dituzte.
Museoa eskoletan programagaz ere jarraituko du aurten, eta baita atzerriko artxiboetako ikerketagaz ere.