Nestor Basterretxea aretoa
Zinema proiektore digitala jartzeko, ekainean zarratu zituen ateak Nestor Basterretxeako zinema aretoak. Hasieran, urrian zabaltzekoak baziren ere, atzerapenekin, bihar zabalduko ditu ateak berriro, eta zinema denboraldi berriagaz hasiko dira asteburuan.
«Pelikula berriak eta berritasunak estreinalditik eta denbora gutxira eduki ahal izateko, eta programazio erakargarria eskaini ahal izateko», Nestor Basterretxea aretoko kabinak proiektore digitala «beharrezkoa» zuela uste zuten, «zine zaletasuna» bultzatzeko, eta hala egin dute; bestea «zaharkituta» baitzegoen. Nestor Basterretxea aretoan, hortaz, proiektore digitala eta bozgorailu berriak jarri dituzte, eta Bermeoko Udaletik azaldu dutenaren arabera, «bertaratzen direnek, hobekuntza nabarmenak nabarituko dituzte, bai irudietan zein soinuan».
8 Apellidos Catalanes filmarekin, 22:00etan zabalduko ditu bihar ateak Nestor Basterretxea aretoak. Umeek ere, zineaz gozatu ahalko dute asteburu honetan; horientzako
Hotel Transilvania 2 filma eskainiko baitute.
Prezioak mantendu
Udaleko Kultura Sailetik adierazi dutenez, prezio aldetik ez da aldaketarik egongo. 2013. urtetik prezioak mantentzen direla adierazita. Ikuslearen eguna, bestalde, astelehena izaten jarraituko duela diote.
Jakinarazi dutenez, prezioetan berritasun bakarra izango da aurrerantzean; 65 urtetik gorakoek izango dute hobari bat astelehenetan. Ikuslearen eguneko lehenengo saioa, hau da, 16:30etakoa, 3 eurotan ordainduko dute sarrera.
Orain arte modura, nagusien filmeen kasuan, barikuetan gaueko saio bat eskainiko dute eta zapatu eta domekatan arratsaldeko eta gaueko saioak egongo dira. Astelehenetan, berriz, hiru saio eskainiko dituzte.
Umeentzako pelikulak zapatu eta domeketan eskainiko dituzte, 16:30ean.