Bi etapa gainditu behar ditu Aranak hurrengo zatira heldu ahal izateko
Asteburu osoa du aurretik Txomin Arana gidariak moto gainean bere onena emateko. Bihar eta zapatuan seigarren eta zazpigarren etapak lehiatu beharko ditu; domekan, baina, atseden eguna izango dute Dakarreko parte hartzileek. Horren ostean, lasterketako bigarren zatia hasiko dute horra ailegatzea lortzen dutenek.
Gaur ere, bere onena ematen saiatu da ereñarra Dakarren. Zigorren faltan, 14. postua eskuratu du bosgarren etapa horretan. 4 ordu, 14 minutu eta 40 segundoko denbora egin du Ereñoko pilotuak; alegia, irabazleak baino 10 minutu eta 56 segundo gehiago. San Salvador de Jujuy eta Uyuni bitarteko bidea egin dute, maratoi erako etapako bigarren zatia burutu duten bitartean. Oraindik zigorrak ezartzeke dauden arren, 16. postuan da, momentuz, Arana sailkapen orokorrean.
Bihar, etapa berezietan luzeena izango dute aurretik bateko zein besteko pilotuek. Horrez gain, 3.500 eta 4.200 metro arteko altueretan barrena ibili beharko dira. Erritmo eta lurzoru aldaketa nabarmenak edukiko dituzte, eta lurraren eta harearen txandakatzeak ere zenbait ondorio ekar diezazkioke; batez ere, euria egiten badu.
Zapatuan ere lehiatzen jarraitu beharko dute, zazpigarren etapari helduta. Uyunitik Salta probintziara igaro beharko dute, hainbat ibai zeharkatu ostean.
Eta zazpi egunetako nekeak arintzeko, atseden eguna izango dute domekakoa. Motorrak berriro ere martxan jartzeko momentua iritsiko zaie, hala ere, hurrengo egunean, astelehenean.
Dunak, bigarren zatian
Saltatik Belenera. Tarte hori egin beharko dute zortzigarren etapan Dakarreko parte hartzaileek. Rallyko bigarren zatia abiaraziko dute egun horretan. Aurreko urteetan legez, dunak bidelagun izango dituzte pilotuek, eta etapa horretan edukiko dute horietaz gozatzeko aukera. Batzuek, gainera, besteekiko aldea markatzeko aukera ere izango dute.