Goian, ezkerretik eskuinera: Anartz Arrieta, Mikel Zarragoikoetxea, Jon Mugialdai, Mikel Barandika eta Ander Arana. Behean, Jon Zalloetxebarria eta Javier Barrueta.
Duela urte batzuk Gernika Off Road taldeari esker ezagutu zuten elkar gehienek, eta bi gurpilen gaineko motorretik lau gurpiletako rally autoetarako jauzia egin zuten gero gaur egungo Euskal Herriko rally txapeldunek.
Ander Arana (Ereño, 1982) eta Arkaitz Kobeaga (Ereño, 1984) Erregina kategorian nagusitu ziren iazko denboraldian, Peugeot 309 GTI 16agaz. Libre Formulan, berriz, Jon Zalloetxebarriak (Amorebieta-Etxano, 1971) eta Javier Barruetak (Amorebieta-Etxano, 1967) irabazi zuten, haien BMW 225agaz.
Automobilismoaren munduan bi kategoria horiek dira jarraitzaile edo pilotu gehien biltzen dituztenak, baina asko dira historikoen zein junior kategorietan ari direnak. Hain zuzen ere, hasiberriak izan arren, Jon Murgialdaik (Ajangiz, 1990) eta Mikel Barandikak (Ajangiz, 1990) 25 urte bitartekoen kategorian gailentzea lortu dute.
Era berean, Mikel Zarragoikoetxea (Ereño, 1980)eta Anartz Arrieta (Forua, 1971) nagusitu dira auto historikoen kategorian. «Mikel eta ni hasiberriak gara; iaz lehiatu ginen estreinako, 124 bategaz», azaldu du Arrieta pilotuak. Denboraldi bakarra daramate lehian momentuz, eta, esan dutenez, historikoen kategoria da auto gutxien biltzen dituena: «Bost edo sei kotxe aritu gara».
Hasieran ez genuen denboraldi osoa egiteko esperantzarik» (Ander Arana, rally pilotua)
Murgialdai pilotuak eta Barandika kopilotuak ere esperientzia gutxi dute, baina haien Citroen Saxoagaz zertarako gai diren erakutsi dute amaitu berri den urtean: «Gure lehenengo urtea izan da, eta asko ikasteko balio izan digu. Ondo irten da gauza; rallyko lasterketa denak amaitu ditugu, eta hori garrantzitsua da».
Esperientziadunen eredua
Hasiberriek esperientziadunen laguntza dute, eta haiengandik asko ikasten dutela diote. Arana eta Kobeaga, esaterako, ezagunak dira lau gurpileko kirol honen zaletuen artean. Izan ere, egindako lanak ordaina izaten du, eta, ereñarren kasuan, bi urtez jarraian Euskal Herriko txapeldun izatea lortu dute. Ez da ez edonolako marka, eta pozik daude. «Ez genuen denboraldi osoa egiteko esperantzarik, lasterketa bi-edo hemen egin eta beharbada Kantabrian beste bi-edo. Baina, azkenean, Gernikakoa egin eta txapelketan postu onean jarri ginen, eta ezin utzi», dio irribarretsu Aranak.
Lehen urtea izan da eta lasterketa denak amaitu ditugu; hori garrantzitsua da (Jon Murgialdai, rally pilotua)
Iazko denboraldian Zamudioko rallya irabazi, Gernika-Lumokoan bigarren eta Lea-Artibaikoan laugarren egin zuten. «Durangon kolpe txiki bat izan genuen. Ez zen izan gauza askorik izan, baina erretiratu beharra eduki genuen».
Arrietak eta Zarragoikoetxeak ere Zamudiokoa irabazi zuten, eta egindako denboraldiagaz oso gustura daude. «Guk ere lasterketa bat edo bi egiteko asmoa geneukan, baina Markinakoa gozamena izan zen, itzela, eta denak egitea erabaki genuen». Esperientzia guztiz gomendagarria dela dio Arrietak. Denak ere gozatzen dutelako dabiltza lehian. Zaletasuna pasioz bizi dute, eta garrantzitsuena egiten dutenagaz gozatzea dela nabarmentzen dute.
«Gure helburua da irtetzea, ondo pasatzea eta lasterketa amaitzea», zehaztu du Barrueta kopilotuak. Lasterketarik irabazi barik FL kategoriako txapeldunak dira, eta argi dute erregulartasunari esker izan dela. «Gure kategorian auto hobeak eta azkarragoak egon dira, baina batzuk ez dira rally guztietan irten, eta gu puntuak pilatzen joan gara». Diotenez, inoiz ez dira irabazi egin behar dutela pentsatzen irtetzen: «Egun pasa eta ondo pasatzera goaz, gozatzera, eta ikusleei ikuskizun apur bat eskaini ahal badiegu, ederto».
Afizioa
Izan ere, haien erakustaldia ikustera doazen zaleak ere asko dira Euskal Herrian. Azaldu dutenez, zenbait lasterketetan bildutako jendetzak ere harritu ditu sarritan. Izan ere, hotza, haizea zein euria izan, asko eta asko dira errepide bazterretan haiei begira egoten direnak.
Markinakoa itzela izan zen, eta denak egitea erabaki genuen» (Anartz Arrieta, rally pilotua)
Halaber, afizioaren jarrera azpimarratu dute guztiek: « Afizioa itzela da. Pentsa, futbolaren atzetik rallyena da Euskal Herrian jende gehien mugitzen duen kirola. Eta afizioak buru asko du. Ez dut esango Galizian pasatu zena hemen ez denik gertatuko, baina gaitzagoa dela bai», dio Barruetak.
Arana ere ikusleek errespetatu egiten dutenaren ustekoa da: «Ikusleek badakite non jarri». Euskal Herritik kanpo ere lehiatzen dira, eta, oro har, zaletuen jokaera ona nabarmentzen dute. «Adibidez, Santanderrera edo Soriara joaten gara, eta jendea oso ondo portatzen da gugaz. Kanpora ere oso gustura joaten naiz, sekula ez dut arazorik izan», dio Zalloetxebarriak.
Futbolaren atzetik rallyena da Euskal Herrian jende gehien batzen duen kirola» (Jon Zalloetxebarria, rally pilotua)
Bestalde, beste kirol eta lehietan legez, antolakuntza ona izateak berebiziko garrantzia du honetan ere. Arlo horretan esperientzia lagungarri izaten da, eta urtez urte automobilismoan ere ikusi eta igarri dituzte hobekuntzak. Esaterako, aurten pare bat bider zigorrak ipini dizkiete lasterketetako baldintzetako bat bete ez duten parte hartzaileei. «Azkoitiko rallyan antolakuntzak ipinitako egunetik kanpo entrenatzen harrapatu eta minutu batzuetako penalizazioa izan zuten batzuek».
Orain dela gutxira arte entrenatzea libre izaten zela azaldu dute. Azken bi denboraldietan, ostera, antolakuntzak zehaztutako egunean joan behar dira lasterketa eremua aztertu eta bertan entrenatzera. «Notak hartzen ditugu, eta ondo hartzea oso garrantzitsua da gero lasterketan ondo aritzeko». Hala ere, ezarritako egunean joaterik ez dutenek haiei esan eta beste egun bat ezartzen diete.
Pasioa eta grina
Anekdota ugari dituzte, eta horiek aipatzean irribarretsu begiratzen diote elkarri. Haien pasioa autoa hartu eta lasterketak lehiatzea da: «Lasterketa hasi, amaitu eta gozatzea». Gogotsu eta ilusioz ari direla nabari zaie. Gainera, elkar hobeto ezagutu, eta lagun arteko zaletasun bihurtu dute kirola.
Harreman ona dute euren artean eta beti elkarri laguntzeko prest daude. «Gure artean laguntzen gara, eta esperientzia dutenengandik ere asko ikasten da», zehaztu du Murgialdaik.