Arku Tiroketaren Euskadiko Txapelketa jokatuko dute domekan, Bermeon
Egun guztian zehar ariko dira jarduera horretan Bermeoko Arane kiroldegian. 08:00etan hasi eta 14:00etara arte ariko dira lehen saioan; bakarka lan egingo dute orduan. 15:00etan, berriz, taldeko jardungo dira 19:00ak arte. Parte hartu nahi ez duenak, baina kirol horregaz gozatu nahi duenak sarrera doanekoa izango du.
80 bat parte hartzaile egotea aurreikusten du Bermeoko Arku Tiroketaren Taldeak: hamar bat talde, gutxienez. Absolutu mailan ariko dira horiek guztiak. Parte hartuko dutenen adin tartea handia izango da: 16 urtetik 81 urtera bitartekoak egongo baitira lehian. Horien artean, Bermeokoak ere egongo dira: lau, hain zuzen ere. Hainbat txapelketa jokatutakoak diren Agurne Luzarragak, Eugenio Amablek, Jon Trejok eta Jokin Bañosek parte hartuko dute. Luzarragak, gainera, Euskadiko txapelketa irabazteko edo goreneko postuetan egoteko aukera asko dituela uste du Bermeoko Arku Tiroketa Taldeko presidente Jokin Bañosek; izan ere, Bizkaiko txapelketan, bigarren postua eskuratu zuen Luzarragak.