
Kalamu landareak
Atzo arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak aurrekari polizialak zituen 40 urteko gizonezko bat, Muruetako baserri batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Poliziak esan duenez, pertsona hori atxilotu ondoren kalamua hazteko bi kabina aurkitu zituzten etxebizitzaren barruan. Hori dela eta, baserriaren jabearen familiarteko bat inputatu egin dute, plantazioaren arduradun delakoan.
13:30 aldera jakin zuen Ertzaintzak ustez hutsik dagoen baserri batera lapurtzen sartu zirela. Lapurrak leiho bat ireki zuen indarrez, barrura sartzeko. Ertzainek eurek ikusi zuten gizonezkoa leihotik ateratzen, eskuetan zerbait zuela. Fardelak lurrera bota, eta ihes egiten ahalegindu zen, baina poliziek atzeman egin zuten. Harrapatu zutenean mazo bat, aizto bat eta labana bat zeramatzan aldean.
Botatako maleta eta poltsa miatzerakoan, kalamu landareak aurkitu zituzten ertzainek; eta baserria ikuskatzerakoan, berriz, kalamua hazteko kabina bi eta landareak zaintzeko beharrezko produktuak. Plantazioaren arduraduna baserriaren jabearen senide bat delakoan dago Ertzaintza, eta, beraz, inputatu egin dute, osasun publikoaren kontrako delitua egotzita.