
Dakar 2016ko bigarren etapako irudia. Argazkilaria: Gernika Off Road
Dakar lasterketako hirugarren etapa lehiatzen aritu dira orain arte hainbat moto gidari; tartean, Ereñoko Txomin Arana.
Gaurko etapa bereziak, 190 kilometro izan ditu. Lehenengo kontrol gunetk gertu (112,91. kilometroan) hasi dute etapa berezia, eta 314. kilometroan bukatu beharko dute. Lehenengo kontrol gunetik atera dira, beraz, pilotuak, eta Arana 22. moto gidaria izan da irteera puntutik ateratzen. Laugarren itxaron gunetik igaro denean, 11. postuan zegoen ereñarra sailkapenean, eta bosgarren itxaron gunean, berriz, hamabigarren. Seigarrenean postu bera mantendu du, eta azkenean, 12. postua bereganatu du.
Gaurko etapa berezia burutzeko 2 ordu, 33 minutu eta 48 segundo behar izan ditu Ereñoko moto gidariak; alegia, Joan Barreda etapa irabazleak baino 3 minutu eta 11 segundo gehiago. Kevin Benavides argentinarrak egin du gaurkoan bigarren, 2 ordu, 31 inutu eta 3 segundoko denboragaz. Hirugarren, berriz, Paulo Goncalves portugaldarra sailkatu da, 2 ordu, 31 minutu eta 29 segundoko denbora eginez.
Sailkapen orokorrean, Castelloko (Valentzia) Joan Barreda da buru, eta Txomin Aranak atzo lortutako 18. postua mantentzen du, gaur gaurkoz – zigorren faltan–.
San Salvador de Jujuy hirirako bidea egiten aritu da ereñarra, Termas Rio Hondotik aterata. Atzo ailegatu zen azken leku horretara, Villa Carlos Pazetik abiatuta. Bigarren etapa lehiatu zuten atzo, eta Ereñokoak 19. postua eskuratu zuen orduan. Erritmo onean hasi zuen etapa, baina lehenengo kontrol puntua baino arinago pistatik atera, eta minutu pare bat galdu zituen. Ondoren ez zuen lortu eroso gidatzea, eta etaparen azken tartean, Jordi Viladoms harrapatzean, moteldu egin zuen abiadura. Ez zuen nahi bezala bukatu, baina, oraindik, lehen 20 gidari onenen artean darrai.
Eguraldia ez dute lagun aurten Dakarreko parte hartzaileek, eta, horren ondorioz, hainbat aldaketa jasaten ari dira. Lehenengo etapa bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek, eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, laburtu egin behar izan dituzte.