Ontzietan segurtasuna hobetzeko enpresa ideia saritu dute aurten
Bermeoko bi lagunek garatutako 'Sotapatroi' proiektuak 3.000 euro jaso ditu. 'Sarekin' proiektuak hartu du bigarren saria, eta 'Urdaibarraski'-k hirugarrenaBusturialdeko II. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa egin zuten barikuan. Gernika-Lumoko E...
Bermeoko bi lagunek garatutako ‘Sotapatroi’ proiektuak 3.000 euro jaso ditu. ‘Sarekin’ proiektuak hartu du bigarren saria, eta ‘Urdaibarraski’-k hirugarrena
Busturialdeko II. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa egin zuten barikuan. Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan batu ziren, eta hiru enpresa ideia saritu dituzte aurten ere.Sotapatroi proiektuak hartu du sari nagusia, 3.000 eurokoa. Aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzen duen sistema bat sortzea du helburu proiektu horrek. Patroiak eskumuturrean eramango lukeen pultsera bat litzateke oinarria. Pultsera horrek seinale bat igorriko luke eta, patroia uretara eroriz gero, seinalea emititzeari utziko lioke, ontziaren motorra amatatuz. Iban Bilbao eta Igor Etxaburu bermeotarrek garatu dute ideia.
Sareak eta barraskiloak
Bigarren saridunek, aldiz, arrantzarako erabiltzen diren sareekin produktu eta proiektu berriak egin ahal izatea proposatzen du; itsas-hamakak edo sare-arkitektura diseinu berriak esaterako. Isabel Olalla eta Naroa Oleaga mundakarrak eta Ekaitz Goienetxea bermeotarrak dira Sarekin proiektua garatu dutenak, eta 2.000 euroko saria jaso dute.
Azkenik, lehen sektorearekin zerikusia duen ideiarik onenaren saria hartu du Urdaibarraski proiektuak. Barraskilo granja bat sortze du helburu proiektuak, barraskilo freskoa, ontziratutakoa eta barraskilo kabiarra saltzeko. Xabier Garabiota eta Iñigo Aranburu bermeotarra dira egileak, eta 1.000 euro hartu dituzte. Guztira, 15 proiektu aurkeztu dituzte aurten lehiaketara.