Los Angelesetik itzuli berri da Markel Goikoetxea (Bermeo 1989) zine ikasketak bukatu ondoren. Estatu Batuetan egindako lana «Aitxitxe»laburmetraiean isladatu du.
Ze ikasketa egin zenituen?
Lau urte eman nituen Leioan ikus-entzunezko ikasketak egiten, eta zinema munduan berezitu nintzen. Gero Madrilera jo nuen urtebeteko master bat egitera zinema zuzendaritzan, eta handik, Los Angelesera.
Nola sortu zen Los Angelesera joateko aukera?
Madrilen nengoela, masterra bukatuta, beste urtebete gelditzea pentsatu nuen lan bat lortzeko. Bilatzen hasi eta ez nuen ezer aurkitzen; azkenean, zerbait egiteko, supermerkatuetara curriculumak botatzen bukatu nuen. Orduan, Los Angelesko zinema eskola bat Madrilen elkarrizketak egiten ari zela entzun nuen, beka bat emateko. Bertara joan nintzen ea zorterik bazegoen, eta 30 bat hautagaitatik ni aukeratu ninduten. Elkarrizketetan bakoitzak egindako lanen eta gure asmoen inguruan galdetu ziguten. Zer eskaini ahal genien jakin nahi zuten; nire kasuan lan gehienak euskal kulturaren inguruan direnez, hortik jo nuen.
Hemen eta Estatu Batuetan ikasi ondoren, zinema lantzeko desberdintasunik igarri duzu?
Ni hara heldu bezain laster, lehen hilabetean proiektu batean sartuta nengoen. Estatu Batuetan gelditu gabe aritzen dira, filmak egin eta egin. Lehiakortasuna ere handiago da. Industria bizirik dago. Estatu mailan noiz-behinka dago proiektu handi bat. Estatu Batuetan ikasle asko dago, eta film laburren mundua oso handia da. Beste alde batetik, indie pelikulak edo pelikula txikien industria handi bat dago. Industria horretan ere jendea behar izaten dute, eta nahiz eta gutxiago ordaindu, oso ondo dago, jendea ezagutzeko aukera ematen baitu, eta mundu horretan sartu zaitezke.
Aitxitxe proiektua garatu duzu Estatu Batuetan. Nondik sortu da filma?
Antzinatik datorren ideia bat da. Urte guztian ikasgelan landu dugun zerbait da, gidoia idazten ibili gara, jendearen iritzia kontuan hartuz gauzak hobetzeko… eta aurreprodukzio luze bat izan da. Baina produkzioa bera azkenean hiru egun luzatu da bakarrik. Ideia nagusiak Madrilen egin nuen tesiaren antzekotasun batzuk ditu; adibidez, umeen ikuspegi zintzoa, ezjakintasunaren galera… Hortik abiatu zen dena.
* Biharko Hitzan argitaratuko da elkarrizketa osoa