Parte hartzeko aukera eskatu zuen Lurgorri auzo elkarteak
Ez-ohiko udalbatzarra egin zuten atzo iluntzean, Santa Luzia Hiri Parkearen proiektuari buruz eztabaidatzeko. Auzo elkartearen izenean eskaatu zuen EH Bilduk ez-ohiko bilera egitea. Bertan izan ziren Lurgorrik auzo elkarteko zenbait kide, eta beraien eskaerak egin zituzten.
Proiektua aurkeztu eta proposamenak egiteko aukera zabaldu zuen Gernika-Lumoko Udalak azaroan, eta 30 ekarpen inguru egin dituzte auzotarrek. Elkartearen izenean, kezka agertu zuen Aritz Aramaio Lurgorriko bizilagunak osoko bilkuran. Esan zuenez, udalak auzoan burutu gura dituen proiektuek beraen interesa pizten dute, eta horiek garatzeko beraien iritziak kontuan hartzeko eskatu zuen. Hala, eskaerak eskarea, guztion iritzi eta beharrizanak elkartrukatzea eta akordioetara iristea oinarrizkotzat jo du auzo elkarteak: “Akordioetara iristea eta guztiontzako zerbait sortzea, baina denen artean eta denontzat”.
Herritarrek egindako gainontzeko eskaerak EH Bilduren udal zinegotziek egin zituzten osoko bilkuran, aktan jasota gera zitezen. Herritarrek eurek ere proiektu horretan zeresana izateko eskubidea dutela eta, udalak hori bermatzeko asmoa duen galdetu zuten. Bestalde, berdeguneak eta espazioak mantentzeko eskatu zuten, edo Santa Luziako proiektuak ezabatuko lituzkeen gune horiei alternatiba erreala emateko. Izan ere, auzo elkarteak eta Jai Batzordeak, besteak beste, proiektuak ezabatuko lituzkeen gune horietan hainbat ekimen egiten dituztela azaldu zuten eskaeren artean. Estalitako lekuen beharra ere agerian utzi zuten osoko bilkuran, ez bakarrik umeen jolas parkeak. Azkenik, udalak aurkeztutako proiektuak jasotzen dituen gune eta espazio berrien mantenuak izango duen kostua altua izango dela deritze auzotarrek (parkeak apaintzea, ur txorroten mantenua…), eta diru kopur hori proiektu integrala egiteko erabili zitekeela proposatu zuten auzokoek.
Proiektu bizia
Galdera eta proposamenei erantzun bateratua eman zien atzo Alberto Azueta Hirigintza zinegotziak. Haren esanetan, herritar askoren beharizanei erantzuna eman nahi die proiektuak. Amaitu gabeko urbanizazioa dela eta horri irtenbidea eman gura diotela esan zuen: “Bi eraikin daude irisgarritasun neurriak betetzen ez dituztenak, eta eraikin horiek balorean jartzea ere bada udalaren asmoa”.
Santa Luziakoa proiektua bizia dela esan zuen Azuetak, eta orain aurkeztu dutena proiektuaren hasiera baino ez dela. “Lehenengo pausoa da, eta aurrekontua egonez gero, gauza gehiago egin ahal izango ditugu”, esan zuen. Hain zuzen, horregatik zabaldu zuten ekarpenak egiteko epea, Azuetaren esanetan.
Auzokideen ekarpen horiek udaleko arkitektoak eta proiektua idatzi zuen arkitektoak aztertuko dituztela argitu zuen: “Proposamenen balorazio teknikoa eta ekonomikoa eginda daudenean erabaakiko da proposamen horiek momentu honetan gauzatu daitezkeen edo etorkizunean forma hartu ahal izango duten”.
EH Bilduk, halere, kezka agertu zuen, eta proiektua moldatu daitekeen galdetu zuen osoko bilkuran. Bego landak esan zuenez, Santa Luzia Hiri Parkearen proiektua azaroaren 11n publikatu zuten Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta behin publikatuta aldaketak egin daitezkeen zalantza agertu zuen. Izan ere, txosten juridikoa eskatu zuen EH Bilduk, eta, horren arabera, publikatuta duaden proiektuetan ezinezkoa da aldaketarik egitea.
Esleipena gelditzeko eskaera
Atzoko osoko bilkuraren balorazioa egin du koalizio abertzaleak eta, haren ustetan, Santa Luziako proiektua auzoaren beharretara bideratzeko aukera paregabea galdu zuen osoko bilkurak. “Udaletxera bertaratu ziren Lurgorriko auzo elkarteko kideek argi eskatu zuten proiektuan parte hartzeko aukera, baina Jose Maria Gorroñok, ohi legez, bai auzotarren eskaria bai oposizioaren galderak erantzunik barik utzi zituen”, diote prentsa oharrean. Arlo zehatzetan egindako galderek erantzun orokorra izan zutela kritikatu du EH Bilduk.
Bestalde, herritarren ekarpenak proiektuan txertatzeko aukera ere aipatu zutela dio EH Bilduk, idazkariaren txosten juridikoak legearen kontrakoa dela esan arren. Proposamenak proiektura etorkizunean gehitzeko aukerari dagokionez, herritarren parte hartzea bermatuko den zalantza du koalizioak. “Zoritxarrez, berriro ere argi geratzen da auzotarren iritziak eskatzeko udalak eegin duen keinua itxurakeria baino ez dela izan”, esan dute. Hori dela eta, Gernika-Lumoko EH Bilduk proiektuaren esleipena gelditzeko eskatu du, parte hartze prozesu erreal bat zabaldu eta proiektua auzotarren beharren arabera moldatu arte.