Onintza Enbeita botoa ematen, Muxikan
EAJ izan da alderdirik bozkatuena Busturialdean, eta EH Bildu izan da bigarren aukera. Aurten lehenengoz aurkeztu da Podemos alderdia Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara, eta hirugarren indarra izan da Busturialdean. Herri txikietan botoen %15 inguru eskuratu du, batezbeste, Podemosek, EAJren eta, batez ere, EH Bilduren kalterako. Bermeon eta Gernika-Lumon ere hirugarren indarra izan da Pablo Iglesiasen alderdia. Bermeon, hain zuzen, botoen %21,95 lortu du (1.947), eta EH Bilduren eta EAJren botoek behera egin dute. 2011ko hauteskundeekin alderatuta, 1.422 boto gutxiago izan dituzte jeltzaleek eta 1.175 galdu ditu EH Bilduk, Amaiurrek jaso zituen botoekin alderatuta.
Gernika-Lumon, EH Bildu izan da kaltetuena Podemosen aukera berriarekin. Izan ere, 1.279 boto galdu ditu āAmaiurrek 3.632 boto izan zituen 2011n, eta EH Bilduk 2.353 boto eskuratu ditu gaurā. Hain zuzen, botoen %13 galdu du koalizioak. EAJ izan da alderdirik bozkatuena, 3.472 botorekin. Hala ere, jeltzaleek ere behera egin dute, 2011. urtean 3.637 boto izan zituzten eta. Podemosek 1.800 boto izan ditu Gernika-Lumon (%20,04).
Erabakitzeko eskubidea Madrilera
Lehen emaitzen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere emaitza onak lortu ditu Podemosek. Bigarren indarra izan da Bizkaian, EAJren atzetik. Hiru eserlekuak mantendu dituzte jeltzaleek, eta bi lortu ditu Podemosek. EH Bilduk eta PSEk eserleku bana galdu dute, eta bereari eutsi dio PPk. Hego Euskal Herriko emaitzei erreparatuta, bost eserleku galdu ditu ezker abertzaleak.
Onintza Enbeitak bere eserlekua izango du Madrilen datozen lau urteetan, eta Euskal Herriaren aldeko lana egingo duela azaldu dio HITZAri. Hurrengo lau urteetarako erronkak mantenduko dituela esan du: “Kanpainan esan dugu Madrilera erabakitzeko eskubidea daramagula, eta hemendik erabaki behar ditugula Euskal Herriari dagozkion gai denak”. Hala ere, emaitzen aurrean berrausnarketa bat egin beharko dutela onartu du, “zertara goazen eta gure ekarpena Madrilen zein izango den zehazteko”.
Podemosen aldeko botoek beraiei kalte egin diela onartu du Enbeitak, eta Iglesiasen alderdiak ekar lezakeenari zuhurtziaz begiratzen dio. “Podemosek Madrilen du begirada, eta gurea Euskal Herrian dago. Ikusi beharko dugu Gobernua nola osatzen den, eta abaniko horretan erabakiak hartzerakoan zer nolako aukerak maneiatzen dituzten. Oraindik zaila da esatea zer gertatuko den”.
Asmatu beharko dugu erakusten benetan herri honentzako alternatibak baditugula”
Euskal gizarteak aldaketaren aldeko botoa eman duela iritzi dio Enbeitak, “baina aldaketaren aukera Madrila begira egin dute. Kanpainan saiatu gara argi uzten Euskal Herriari begirako aldaketa bertotik eratu behar dela, baina argi dago guk ere hausnarketa bat egin behar dugula; zertan ez dugun asmatu eta konfiantza non galdu dugun argitzeko”. Dena den, esan du EH Bilduren ibilbidea ez dela gaurko emaitzekin amaitu, eta harrotasunez ordezkatuko duela botoa eman dion jendea. “Asmatu beharko dugu erakusten benetan herri honentzako alternatibak baditugula”.
Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek nabarmendu du Bizkaian jeltzaleek irabazi dutela. Ortuzarren esanetan, “EAJ finkatu egin da inoiz baino gehiago”, Kongresuan ordezkari bat gehiago izango dutelako. Podemoseko buru Pablo Iglesiasek, bestalde, bere alderdia zoriondu du. Esan duenez, aldaketaren aldeko indarra izan da nagusi, eta etapa politiko berri bat hasi da. Besteak beste, Estatuaren lurralde erreforma gauzatzeko asmoa agertu du Iglesiasek.
2011ko azaroaren 20ko hauteskundeetan EAJ izan zen alderdirik bozkatuena Busturialdean, eta Amaiur (aurten EH Bilduk batu ditu Amaiur koalizioko alderdiak) izan zen bigarren aukera, EAJrengandik 1.540 botora.
Busturialdea: Herriz herriko emaitzak eta grafikoa,
hemen.
Hego Euskal Herriko emaitzak eta informazio osotua,
Berrian.
Hauteskunde eguna iruditan: