Ibarrangeluko herritar bat botoa ematen
Urduritasun eta jakinminaren artean, ailegatu da dagoeneko abenduaren 20a: Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen eguna. Ohi bezala, 09:00etan zabaldu dituzte hauteskunde mahaiak, eta 20:00etan itxiko dituzte. Emaitzak, berriz, 22:30ak aldera ematea aurreikusten da. Eguerdi partean, hala ere, lehen parte hartze datuak jakinaraziko dituzte.
Espainiako Kongresuan 23 ordezkari dagozkio Hego Euskal Herriari: Bizkaiari zortzi, Gipuzkoari sei, Nafarroari bost eta Arabari lau. Senaturako, launa aukeratuko dituzte herrialde bakoitzean.
Bizkaian lehen indarra EAJ izango den zalantzarik ez du herriak, inkesten arabera. 2011ko hauteskundeetan ere alderdi jeltzalea suertatu zen irabazle, eta oraingoan ere, alderdi bozkatuena izatea espero da. Hain justu, hiru diputatu eskuratu zituen orduko hartan. Oraingoan, kopuru horri eutsiko dioten edo soilik bi lortuko dituenaren zalantza dago.
Inkesten arabera, halaber, Bizkaiko zortzi diputatuetatik bi lortuko ditu Ahal Dugu-k: alegia, Eduardo Maura eta Maria Rosa Martinez Rodriguezen ordezkritza izango lukete hori gertatzekotan. Izan ere, EH Bildu eta PSE-ren kasuan, bi ordezkaritik batera jaitsiko liratekeela uste dute herritarrek. Hala izatekotan, koalizioak Onintza Enbeitaren ordezkaritza baino ez luke ziurtatuta, eta PSEk, berriz, Patxi Lopezena.
PPk, azkenik, 2011n lortutako diputatu bakarrari eustea espero da.
Busturialdeko hautagaiak
Busturialdeari dagokionez,
Onintza Enbeita Maguregi da
Kongresurako EH Bilduren hautagaia, Bizkaitik. Muxikarrak argi du zertara joango den Madrilera, hala suertatzekotan: “euskal herritarren interesak defendatzera”. Hala, gaurkoan, nork bere proiektuaren aldeko botoa ematea espero du.
12:15ean ailegatu da Onintza Enbeita Kongresurako EH Bilduren hautagaia Muxikako Zubieta Errotara, bere botoa emateko
Berak, behintzat, eman du bere botoa, eta, azaldu duenez, “oso harro”, gainera. 12:15ean ailegatu da Muxikako Zubieta Errota eraikinera. Eta bertan emandako boto horrek aurpegi bi dituela azaldu du muxikarrak: “batetik, Madrili minik gehien egingo dion botoa da, eta, bestetik, burujabetzaren aldeko botoa da”. Enbeita eta bere alderdiak gaur, milaka herritarrek erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren aldeko botoa emango dutenaren ziurtasuna agertu dute, “herriak badakielako hau ez dela etxean geratzeko momentua”. Halaber, milaka herritar horiek beraien botoagaz “gauzak aldatzeko eta hobetzeko eta etorkizuna eraikitzeko lagundu dezaketela” deritzo EH BIlduren Kongresurako hautagaiak.
Bestalde,
Ana Hormaetxe Ugalde gernikarra EAJren bederatzigarren hautagaia da Kongresurako, Bizkaitik.
Busturialdeko hautagaiak
14:00etarako parte hartzea %20-40 ingurukoa izan da bi herri handienetan; Gernika-Lumo eta Bermeon.
Gernika-Lumoko mahaien artean, kultur etxekoak du parte hartze handiena eguerdi parterako: %39. Elai-Alai aretoko bi mahaietaan parte hartzea %37koa zen 13:30erako; Santa Luziako ermitan, 12:00etan zentsoaren %20ak zuen botoa emanda.
Bermeoko Kasinoan, esaterako, parte hartzea %30ekoa izan da eguerdirako.
Hautes-mahaiak 20:00etan zarratuko dituzte.