Txomin Arana: "Motor berria guztiz ezberdina da, eta egokitu beharko naiz horretara"
Motor berri-berriagaz zoaz oraingoan. Zelakoa da? Ezaugarriei dagokienez, aurrekoaren aldean oso motor ezberdina da. Azkenean, rallyetako motor bat da, eta aurrekoa motokroseko Yamaha bat zen, Dakarrerako eginiko prototipo bat. Oraingo motorra Husqvarna rally bat da, fabrikatik ateratakoa. Rallyetarako prestatuta dago, eta guztiz ezberdina da, bai txasisa, bai motorraren konportamentua… Dena. Probatzeko astia izan duzu. Zer moduz doa? Motor berrira egokitu behar izan dut, eta apur bat kostatzen da. Baina, uste dut oso ondo joango dela. Guztiz diferentea da, baina ni egokitu edo moldatu behar naiz horretara, eta uste dut egingo naizela. Ez daukat aukerarik motorra gehiago probatu edota motorrera egiteko. Motor bakarra dugu, eta berri-berri joan behar du Dakarrera. Horregatik, ahal den gutxien ibili naiz, ahalik eta kilometro gutxien eginda.“Gustatuko litzaiguke aurreko marka gainditzea, baina oso gaitza izango da”
Gainera, biak alderatzeko aukera izan duzu Monegrosen. Egia esan, aurreko motorra oso ondo dabil, baina mantenimendu asko behar du, motor ofizial bat da, eta mekanikariak behar asko izaten zuen. Hau sinpleagoa da, behar egiteko errazagoa, eta uste dut mekanikariarentzat nahiko hobea izango dela. Eta niretzat? Ni egokituko naiz. Motor on bat izango da. Hala ere, oraindik ziur ezin dut esan bertan probatu ez dudalako. Dakarrean ikusiko da. Dakarrerako aurkezpenean esan zenuen aurrekoetan baino hobeto prestatu zarela. Bai, Marokon, Merzougako rallyan eta Turkian, TransAnatolia rallyan egon gara, eta ondo moldatu naiz. Uste dut bi rally horiek lehiatuta nahikoa ondo prestatuta noala. Merzougako rallya Dakarrerako entrenatzeko oso ona da. Gainera, altueran ere entrenatzeko astia izango dut, Sierra Nevadan. Lehen aldiz joan aurretik, Chamonisen egon nintzen, eta igarri nuen. 2014-rako ez nuen presatakuntza hori egin, eta altuerako etapetan zorabio batzuk izan nituen. Oraingoan, bi rally korrituta goaz; aurreko bietan, bakarra eginda joan nintzen. Oraingoan, hala ere, kilometro gehiagotxo eginda noa. Motor berria gutxi probatu arren, aurrekoa gutxiago probatu nuen. Oso pozik nago egindako prestaketagaz, eta Dakarrerako prest nago. Prestaketa fisikoaz gain, psikologikoki ondo prestatuta joatea ere beharrezkoa da, ezta? Psikologikoki oso gogor egon behar da han pasatzen ditugunak jasateko. Oso atseden gutxigaz, goizeko lauretan motorra hartu eta arratsaldeko seirak arte norbera bakarrik. Tenperatura aldetik jasaten ditugun aldaketak ere itzelak izan dira; 30 gradutara egotetik hamar gradu zero azpitik izatera pasatzen gara. Jendea hipotermiagaz, desidratatuta… Oso gogorra egiten da. Ez dut uste gorputza egiten denik, baina eutsi egin behar zaio.“Hamalaugarren postu bat Europako txapelketan oso ondo dago”
Dakarretik aparte, zer moduz joan da aurtengo denboraldia? Denboraldia ondo, balantzea positiboa da. Arazo mekanikoak eta eroriko bat izan ditut, baina lasterketa askotan oso ondo ibili naiz. Hamalaugarren postu bat Europako Txapelketan oso ondo dago, eta Espainiakoan ere uste dut hamalaugarren egin dudala. Aurtengo Dakarra amaituta, Motokroseko Espainiako Txapelketa hasi genuen, eta Europako Txapelketako lehen lasterketan ere oso ondo aritu nintzen. Gero, lepauztaia apurtu nuenez, Europako lasterketa bat galdu nuen. Nahikoa azkar errekuperatu nintzen, eta bi astera Europako Txapelketagaz jarraitu nuen. Hiru bat lasterketa egin nituen jarraian, eta oso ondo aritu nintzen. Italian inoiz lortu dudan emaitzarik onena eskuratu nuen: bosgarren postua, hain zuzen ere. Suedian seigarren postu bat lortu nuen, eta oso pozik nago horregatik. Orduan, zortzigarren nengoen Europako sailkapenean, baina azken bi lasterketak falta zirela, batean motorra apurtu eta gero golpe bat hartu nuenez, sailkapenean behera egin nuen. Bestalde, Espainiako Txapelketaren azken txanpako bi lasterketetan ez naiz lehiatu, Dakarrerako prestaketekin ibili garelako.“Psikologikoki oso gogor egon behar da han pasatzen ditugunak jasateko”