Onintza Enbeitak jaso du aurtengo Busturialdeko Bertsolari Txapelketako txapela
Emozioz betetako emaitza izan du aurten ere, Busturialdeko Bertsolari Txapelketako finalak. Buruz-burukoaren ostean, eta puntu erdiaren aldeagaz, Onintza Enbeitak jantzi du aurtengo txapela.
Sei bertsolari eta horietan, emakume bakarra. Horiek osatzen zuten Busturialdeko txapelketako finaleko kuadrilla. Zihara Enbeita gai-jartzaileagaz batera, taula gainean ziren sei bertsolari horiek zapatuan, jendez lepo zegoen Astra baten aurrean. Lagun, senide zein bertsozaleak bildu ziren Gernika-Lumon, zapatuko hitzorduan. Bertsoen egarria zuten horiek guztiek, eta kale ez egiteko beldurra, ordea, taula gainekoek. Urduritasunak urduritasun, saioari ekin zioten eskualdeko bertsolariek.
Esperientzia gutxiago edo gehiago zutenak maila berean zeuden; guztiak ziren Busturialdeko Bertsolari Txapelketako txapela lortzeko hautagai. Batzuetan asmatuz, eta besteetan huts eginez, bertaratutakoak emozionatzea eta beraiengan barre eragitea lortu zuten.
Bertsozaleek bazituzten beraien faboritoak, baina Jurgi Fuentesek, Josu Tellleriak eta Iñaki Aurrekoetxeak osatutako epaimahaiak zuen azken hitza.
Jakinmina asetzeko unea ere iritsi zen: buruz-burukoa nortzuk lehiatuko zuten jakiteko momentua ailegatu zen. Hala, txalo artean hartu zituzten lehenengo bi sailkatuak: Onintza Enbeita eta Ibon Ajuriagogeaskoa.
Ajuriagogeaskoa bigarren
Gernika-Lumokoaren eta Muxikakoren artean zegoen lehia, eta, azkenean, puntu erdiko aldeagatik, muxikarrak hartu zuen errenta, Busturialdeko txapeldun bilakatuz. Hain justu, 288,50 puntu eskuratu zituen Enbeitak, eta 288 puntu, berriz, Ajuriagojeaskoak. Ander Elortegi sailkatu zen hirugarren, 177,50 puntu eginda, eta Julen Erezuma laugarren, 172 puntugaz. Julen Ibarguengoitia (171) eta Ibai Amilategi (166,50) izan ziren, aldiz, bosgarren eta seigarren sailkatuak, hurrenez hurren.
Agurren txanda ailegatu zen, eta horietan azkena egin zuen txapelketako irabazleak. Horren aurretik, baina, iazko irabazle Xabier Enbeitak jantzi zion irabazle berriari zegokion txapela. Hala, bere buruari eskaini zion Muxikako bertsolariak egun horretan irabazitakoa, hilabete honetan herriz-herri mitinlari aritzean, «berba motzak» entzun behar izan dituen arren, oraindik irribarreari eusten diolako.