51. 304 euroko partida gorde du inbertsioetarako. Azaroko Osoko Bilkuran egin dute 2016ko udal aurrekontuaren hasierako onarpena. Halaber, udalerrian irisgarritasuna hobetzeko, sarbideen kontrolaren araudia onartu dute.
Ordenantza fiskalean zenbait aldaketa egin ditu udalak. Janire Olagibel Elantxobeko udalaren bozeramaileak azaldu duenez, aldaketa horiek egin dituzte herritarren etxeko ekonomiaren alde, eta herrian enpresa ekimen berrien sorreraren alde egiteko.
Herria berpizteko eta negozio berriak ezartzeko egiten duen apostuagaz lotuta, udalak zenbait neurri proposatu ditu: “Herrian finkatzen diren zerbitzu edo industria-aktibitate lizentzia berriei, zerga eta obra-lizentzien tasen %50aren itzulketa, eta O.H.Z-ren kasuan %25ekoa, lehenengo bost urteetan”. Hala, abandonatuta edo mantenimentu faltan dauden eraikin pribatuen teilatu edo fatxadak berrizteko obren lizentzietan ere gauza bera egitea proposatzen du.
Bestalde, unean altan emandako zerbitzuek eta industria-aktibitateen lizentziekin gauzatzen diren obretan, zerga eta obra-lizentzien tasen “%25aren itzulketa” eta “O.H.Z.ren kasuan %25ekoa” planteatzen du.
Irisgarritasun neurriak
Irisgarritasunari dagokionez, sarbideen kontrolaren araudia zenbait aldaketagaz onartu dute.
Araudian zehazten denez, Bermokizen, kanposantuan eta Portu Kalean aparkatzea debekatuta dago. Hala ere, baimen berezia dutenek aparkatu ahalko dute, eta etxebizitzetarako zamalanak egiteko gehienez bi orduko iraupena ezarri dute. San Nikolas eta Portu Kaleko plazetan ere ezingo da aparkatu, eta horietan zamalanak egiteko 30 minutuko muga ezarri dute, beti ere, udalaren baimen berezirik ez badute. Era berean, ekainean, uztailean eta abuztuan, “Gune Urdinetan” auzotarren ibilgailuak bakarrik aparkatu ahalko dira.
Gainera, udalerriko farmazia ere lekuz aldatuko dute, herritarren irisgarritasuna hobetzeko.
Bestalde, autobusek buelta emateko plataformaren zerbitzuari dagokionez, garraio pribatuei kobratzea aurreikusten du udalak. “Udal langileak bertan egon behar du, eta lan egunetan 10 euro eta jai egunetan 20 euro kobratzea dago aurreikuspenen artean”.
Kultur eta kirol ekintzen diru-laguntzen erregulazioa
Janire Olagibel udalaren bozeramaile eta Kultur zinegotziak adierazi duenez, kultura eta kirol ekintzetarako diru-laguntzak erregulatzeko ordenantza fiskalak “moldatu” dituzte: “Diru-laguntzen erabilpen zuzena moldatzea beharrezkoa ikusten dugu, herriaren eta herritar guztion onurarako. Azken dokumentua hausnarketa prozesu sakon baten emaitza da”.
Olagibelek azaldu duenez, ordenantza “egoki” batzuk ezartzeko, beste herri batzuetako adibideak ikertu dituzte, eta oposizioari horiek aztertzeko gonbita luzatu diete. Halaber, nabarmendu du herriko talde kulturalak eta kiroletakoak herria berpizteko “giltzarri” direla, eta herritik herrirako bizi sozio-kulturala zein kirol arlokoa “sustatzea” gobernu taldearen beste “apostuetako bat” dela.