Sistema eraginkorren alde
Energia berriztagarrien aldeko apustua egin zuen Madariaga dorretxeak uztailean. Sistema geotermikoa ezarri zuen, eta aldaketetan lehena izan da.Ingurumenaren alde, bestelako pauso bat eman du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak aurten. Urdaibaiko biosf...
Energia berriztagarrien aldeko apustua egin zuen Madariaga dorretxeak uztailean. Sistema geotermikoa ezarri zuen, eta aldaketetan lehena izan da.
Ingurumenaren alde, bestelako pauso bat eman du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak aurten. Urdaibaiko biosfera erreserban kokatuta dago, eta energia berriztagarrien erabileraren aldeko apustua egin du, beste behin ere. Hain zuzen, ekoizpen sistema geotermikoaren alde egin du oraingoan, eta sistema hori erabiliko du aurrerantzean Madariaga dorretxeko eraikina berotzeko zein hozteko. Udan sasoian uztailean prest zuten energia eskuratzeko sistema berria, eta orduan eman zuten berria.Euskadiko Biodibertsitate Zentroak Busturian duen egoitzan batu ziren Jaurlaritzako ordezkariak, eta, azaldu zutenez, energiaa berriztagarrien aldeko apustu hori gauzatzeko 170.000 euroko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak.
Lehena
Eraginkortasun energetikoaren erreferente bilakatu gura du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak. Sistema berri horrek bide emango diela uste dute helburu hori lortzeko.
Sistemaren funtzionamenduaren xehetasunak ere eman dituzte. Hala, lurraren barruko beroa hartzean datzala azaldu dute, eraikina energia geotermikoz hornitzeko. Kaptazio irekiko sistema bat instalatu dute Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, eta, jakinarazi dutenez, halako lehena da Bizkaia, Araban eta Gipuzkoan.
Akuifero irisgarri bati esker ateratzen dute eraikinari aplikatzen zaion energia daraman ura; horretarako ere, beroa ponpatzeko bonba aurreratuenak erabiliz.
Instalazioa abiarazteko, bi zundaketa egin behar izan dituzte zentroaren lurzorupean: 100 metrokoa bata, eta 60 metrokoa bestea, hurrenez hurren. Hori egiteak ez dio eragin, ez ingurune naturalari, ezta erabilitako urari ere.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak adierazi zuenez, eraginkortasun energetikoa bermatuta dago. Izan ere, behar dena baino bost bider gehiago energia hornituko du gailuak, eta, beraz, bost urtean baino gutxiagoan amortizatuko dute instalazioa. Aurreikusi dutenez, % 50 aurreztuko da aurreko egoeraren aldean (aire-ur bero-ponpa batean oinarritutako instalazioa).
LED argiak
Busturiko Madariaga dorretxeko instalazioak energetikoki eraginkorrak izan daitezen lehen pausoa eman du Jaurlaritzak. Aurrerago ere bestelako hobekuntzak egingo dituztela aurreratu zuten agintariek instalazio berrien berri ematerakoan.
Besteak beste, gaur egungo argiteria ordezkatuko dutela esan du Ingurumen sailak. LED teknologiadunargiak ipiniko dituzte, eta argindarra bestelako energia berriztagarriekin ordezkatuko dute; fotovoltaikoa, esaterako.
Etorkizunari begira
Hobekuntza horien bitartez, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak erreferentziako eraikin bihurtu nahi du bere inguruan. Halako apustuak eginez, eragina izan gura du bai erakunde publikoengan nahiz pribatuengan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak dioenez, gainontzeko erakundeek ere erregai fosilekin loturak haustea erabakiko dute etorkizun batean, Europako 20/20/20 Estrategian ezarritako helburuekin bat eginez horrela.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, estrategiaren 20/20/20 markak zera adierazten du: 2020 urterako, Europar Batasunak berotegi efektuko gas-isuriak % 20 murriztu beharko dituela, 1990ko mailen aldean; azken kontsumoaren gaineko energia berriztagarrien erabilera % 20 gehitu beharko duela; eta eraginkortasun energetikoa % 20 handituz.
Onurak bistarazi
Euskadi 2020 Ingurumen Esparru Programak eta Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategiak KLIMA 2050ek, energiaren eskaria kudeatzearen alde egiten dute, bai eta energia berriztagarriak sustatzearen alde.
Era berean, hirigunean, zero igorpeneko eraikinen bitartez, eraginkortasun energetikoko irizpideak indartzearen alde ere egiten du, Busturiko Biodibertsitate zentroan egin nahi duten moduan.
Gainera, hainbat sentsorerekin hornituko da gailua: instalazioaren jarraipen fidagarria egiteko aukera ez ezik, beharrezko informazioa ere emango dute, elementu dibulgatzaileen bitartez. Horrela bilatu gura dute herritarrek lehen pertsonan sentitu ahal izatea irtenbideok ekonomiaren eta ingurumen aldetik ekarritako onurak.