Zapatuan jokatuko da Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finala, Gernika-Lumon. Astran batuko dira bertsozaleak, eta 17:30ean hasiko da txapelketaren azken saioa. Txapela janzteko asmoz, sei bertsolari izango dira Astrako oholtzaren gaineran: Julen Erezuma, Ibon Ajuriagogeaskoa, Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia, Ander Elortegi eta Onintza Enbeita.
Bizkaiko Txapelketarako kanporaketak albo batera utzita, itxura berriarekin heldu da 2015ean txapelketa Busturialdera. Bertsolari gazteei lekua egiteaz gain, eta saioak bertso afariaren formatoan egin dituzte. Horrek txapelketari bizitasuna eman diola azaldu du Ander Elortegik. Saioetara jende asko animatu dela aipatu du, eta jende kopuruak gora egin duela, gainera.
Formato berria
Zapatuko saioaren aurretik aurrefinalak jokatu dituzte. Gernika-Lumoko Harizpe txokoan egin zuten lehen aurrefinala, eta 60 bat lagun bildu ziren bertan. Errigoitin egin zuten azken saioan, aldiz, ehun lagun inguru batu ziren. «Modu informal batean planteatu dugu aurten bertsolari txapelketa, eta harrera ona izan duela esan dezakegu», azaldu du Elortegik.
Hemezortzi bertsolarik parte hartu dute aurtengo txapelketan, eta, lehenengoz, 16 urteko bertsolariak ere onartu dituzte: Julen Karrion eta Beñat Bilbao. Azken hori, gainera, finalerako ateetan geratu dela azpimarratu du Elortegik.
Hala, balorazio ona egin dute txapelketaren antolatzaileek. «Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren pisua kendu diogu, eta igarri egin da».
Publikoaren berotasuna
Finalean ere orain arteko saioetan bertsolariek sentitu izan duten berotasuna igarri gura dutela dio Elortegik. «Orain artekoak afari formatoan egin ditugu, eta publikoa engantxatzea lortu dugu. Finaleko saioa, baina, arratsaldean izango da. Hala ere, barra irekita egongo da, eta jai giroan egin gura dugu».
Horretarako, gainera, deialdi berezia egin dute. 16:00etan ipini dute hitzordua, Gernika-Lumoko Arrano tabernan. Jendea batu gura dute bertan, kafea hartzeko, eta, gero, elkarrekin poteoa eginez Astrara joango direla azaldu du Elortegik.