‘Esto no es rock radical vasco’ jaialdia hartuko du bihar Bermeok
Ikus-entzunezko esperientzia bat sortzea helburu duen Esto no es rock radical vasco jaialdia Bermeora iritsiko da bihar, eta Eskorbuto, Kortatu eta La Polla Records taldeei gorazarre egiten dioten kontzertuak ekarriko ditu.
Gasteizen egin zuen jaialdi horrek lehenengo geldialdia urriaren 24an, eta Iruñea bisitatu ondoren, Bizkaiko kostaldeko herri horretara ailegatuko da asteburuan.
Kafe Antzokia izango dute jaialdian parte hartuko duten hiru musika taldek eszenatoki. Hain justu, Hijos de tu Iglesia, Los demenciales chicos alterados eta Aizu! taldeak izango dira La Polla Records, Eskorbuto eta Kortatu taldeen abestiak kantatuko dituztenak, hurrenez hurren. Ez dira, hala ere, eszenatokiko protagonista bakarrak izango; izan ere, Parabellum taldeko Josu Korkostegi egongo da bertan, ikuskizuna aurkezten.
Bermeoko saioa bukatuta, Bizkaiko kostaldetik Gipuzkoakora salto egingo du jaialdiak; Bermeoko Kafe Antzokitik Donostiko Doka Kafe Antzokira, hain zuzen ere. Hori, baina, abenduaren 18an izango da.
Biharko emanaldia 21:30ean hasiko da, baina 21:00etarako antzokiko ateak zabalduko dituztela jakitera eman dute antolatzaileek.
Kontzertuak baino gehiago
Hiru talderen zuzeneko kontzertuak baino gehiago ekarriko du biharko egunak; izan ere, kartelak, sarrerak, diskoen azalak, bideoak eta beste hainbat bilduko dituen ikus-entzunezko proiekzioaz gozatu ahalko da Bermeoko hitzorduan.
Hala, Euskal Herrian 80 eta 90 hamarkadetan sortu zen mugimendu musikalean murgildu nahi duenak biharko saiorako sarrera erosi beharko du; aurretiaz (11 euroan) zein lehiatilan (14 euroan). Aurretiaz sarrerak honako lekuetan egongo dira salgai: Bermeoko Kafe Antzokian eta Luma liburudendan, Gernika-Lumoko Ospa tabernan, Mungiko Herriko Tabernan, Bilboko Brixton dendan eta www.musikazale.com webgunean.