Behin behineko kartzelaldia luzatu diote Arantza Zuluetari
Ia bi urte darama Zuluetak behin behineko espetxealdia betetzen. Puerto III kartzelako zuzendaritzagaz kontaktuan jartzeko ahalegina egin du Lekeitioko UdalakBere espetxe egoeraren berrikuspena izan zuen eguaztenean Arantza Zuluetak Espainiako Auzitegi...
Ia bi urte darama Zuluetak behin behineko espetxealdia betetzen. Puerto III kartzelako zuzendaritzagaz kontaktuan jartzeko ahalegina egin du Lekeitioko Udalak
Bere espetxe egoeraren berrikuspena izan zuen eguaztenean Arantza Zuluetak Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta berriz ere, behin behineko kartzelaldia luzatu diotela jakitera eman dute Zuluetaren lagunek. Abokatua Extremeran (Madril, Espainia) dago momentu honetan, baina, Puerto III (Cadiz, Espainia) dauka kartzelaldia betetzeko toki modura izendatuta, eta berriz ere bertara bidaliko dutela aitatu dute Zuluetaren lagunek, arduratuta.Ia bi urte darama Arantza Zuluetak behin-behineko espetxealdian, eta Puerto III kartzelan abokatua guztiz bakartuta daukatela salatu dute behin eta berriz Zuluetaren lagunek. 100 salaketatik gora jaso zituzten, esate baterako, azkenengoz Lekeition egindako ekitaldian.
Lekeitioko Udalak ere bere kezka azaldu du Arantza Zuluetaren egoeran aurrean. Mozio bat onartu zuten irailaren 17an egindako Osoko Bilkuran, EAJ-PNV eta EH-Bildu udal taldeen onespenagaz. Zulueta isolamendu egoeratik atera eta bere eskubideak errespetatuak izango diren egoera berria izan dezan eskatu zuten.
Erantzun barik
Puerto III kartzelako zuzendariagaz harremanetan jarriko zirela ere adierazi zuten mozioan, «Zuluetak bizi duen egoera alda dezala eskatzeko eta onartu duen mozioaren berri emateko». Horrela, udala lehenengo telefonoz ahalegindu dela bere kezka adierazten jakitera eman dute Zuluetaren lagunek, eta gero idatziz. «Baina ez dute ezelako erantzunik eduki».