
Andra Mari korala
Kontzertu berezia emango du Andra Mari koralak bihar. Abesbatzeko zuzendari Carolina Fetescuk 10 urte bete ditu taldearen gidaritzan, eta orain arteko ibilbidearen islada izango den kantu saioa entzuteko aukera izango dute gernikarrek bihar, 19:30etik aurrera, Elai-Alai aretoan.
2005ean hartu zuen carolina Fetescuk abesbatzaren zuzendaritza, eta biharko emanaldia hamar urte horietako islada izango dela azaldu du. 15 abesti daramatzate oholtza gainera; dioenez, «hamar urte hauetan zelan edo halan guretzat garrantzitsuak izan diren abestien sailkapena egin dugu».
Urteurren kontzertu horretan, bestalde, taldetik igaro izan diren zenbaiten kolaborazioa izango dutela jakinarazi du Fetescuk: besteak beste, Itsaso Aranaren laguntza izango dute pianoan; Irene Ojanguren sopranoa ere beraiekin izango da bihar, edota Patxi Goikoetxea perkusioan. «Horiekin batera beste asko ere izango dira bihar kontzertuan, gurekin».
Lehen hamarkada beteta, taldeak erronka berriak ere badituela esan du Andra Mari koralaren zuzendariak. Besteak beste, Euskal Herritik kanpora ateratzea gustatuko litzaieke. «Euskal Herriko beste talde batzuekin hartu-emanak izan ditugu, eta beraien herrietara joan gara abestera». Hala ere, urrunen Biarritzera joan direla esan du Fetescuk, eta kanpora ateratzea gustatuko litzaiekela.
Horretarako, baina, laguntza behar dutela aitortu du, baita inplikazio handiagoa ere erakundeen partetik, diru laguntzak jasotzeko.
Kanpoan ez ezik, herrian ere erreferentzialtasuna irabazi gura du Andra Mari koralak, eta Gernika-Lumon antolatzen diren ekitaldietan presentzia gehiago izan. Beraz, horretarako lan egiteko prest daudela azaldu du Fetescuk, eta aurrera begirako erronka eta helburuetako bat izango dela.