
Martitzenean jokatu zuten finala, Tolosan
II. Elola Memoriala –aurten Market Supermerkatuak Sari Nagusia izena hartu duena– irabazi dute Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeoaskoa bikoteak. Gernikarrek maila ona erakutsi zuten Tolosako Beotibar frontoian jokatutako finalean. Antxon Alberdi berriatuarra eta Arkaitz Izagirre tolosarra izan zuten aurkari. Joko eta partida ikusgarria erakutsi zuten laurek, baina Izagirrek ezin izan zion Lekerikaren nagusitasunari aurre egin.
Lehen set-ean munduko txapeldun diren Barandikak eta Lekerikak hartu zuten aurrea, eta, konturatu orduko, eginak zituzten 15 tantoak. Bigarrenean markagailuan parez pare ibili ziren, 14na jarri arte. Azken tantoa, baina, Gernikako bikoteak bereganatu zuen.
Zapatuan azkena
Txapelketa irabazteko asmoz lehiatu dutela azaldu du Xabier Barandikak: «Orain hilabete hasi genuen txapelketa, eta irabazteko asmoak genituen». Hala ere, finala gogorra izan zela aitortu du. «2-0 irabazi arren, partida gogorra izan zen», dio.
2014ko txapelketan Antxonek eta Izagirrek jantzi zuten txapela, eta haiei erreleboa hartzearekin pozik direla azaldu du gernikarrak.
Zapatuan, aldiz, Amerikako Estatu batuetara (AEB) joan aurreko azken partida jokatuko du Gernikako bikoteak, Markina-Xemeinen. «Lagunarteko derbia» izango dela aipatu du Barandikak. Beraiek legez Dania Jai Alai (Florida, AEB) frontoira jauzia egingo duten Jokin Arbe eta Jon Zabala markinarrak izango dituzte aurkari. Lehia polita espero dute, eta Markina-Xemeinera irabaztera joango direla aitortu du. Halaber, dioenez, Daniara zelako sasoiarekin helduko diren neurtzeko ere baliatuko dute zapatuko partidua.