Talako Amaren eguneko ospakizunetan elkartu dira gaur Ean. Talako Amaren ermitan 12:00etako meza entzun ostean, Beletxe elkartekoen eskutik hamaiketakoa jan dute elkartean bertan.
Gero, frontoira hurbildu dira herritarrak, auzoen arteko desafioa ikustera. Ea, Bedarona eta Natxitua auzoko bizilagunen arteko lehiak ikusmina piztu du. Zein bere auzotarrei gogor animatu diete ikusleek.
Lau proba egin behar izan dituzte, eta natxituarrak izan dira garaile.
Duela bi urte antolatu zuten lehenengoz auzotarren arteko desafioa. Orduan, Bedaronak irabazi zuen.
Seina laguneko taldetan lehiatu dira. Lehenengo, korrika proba izan dute, eta talde bakoitzetik bi kidek egin dute arineketan. Frontoian hasi, Jesusko elizaren parean buelta hartu eta hasitako leku berean amaitu dute. Eako auzotarrak izan dira denetan azkarrenak.
Gero, patatak zuritzen duten abilezia erakutsi dute, eta lauretan kilo gehien zuritu dituen taldea Natxitukoa izan da. Horiek 1, 220 kilogramo zuritu dituzte, Eakoek 1, 125kg eta Bedaronakoek 1, 085 kg.
Hirugarren proban taldekide guztiek hartu dute parte. Askotariko hamahiru galdera erantzun behar izan dituzte. Hamar galdera zuzen erantzunda, Eako taldeak irabazi du proba. Natxituarrek bederatzi galdera erantzun dituzte ondo, eta bedaronatarrek zortzi galderaren erantzunak igarri dituzte.
Azken proba arrautzak frontoiko alde batetik beste alde batera garraiatzea izan da, eta hamar arrautzagaz, Natxitua nagusitu da.
Baina, Natxitua eta Ea taldeek bina proba irabazi dituztenez, berdinketa apurtzeko beste proba bat egin behar izan dute, eta pilota partida jokatzea erabaki dute epaileek. Azkenean, 7-5 gailendu dira natxituarrak.