PP Gernikan
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan PPko idazkari orokorra den Nerea Llanosek kontzertu ekonomikoaren alde egin zuen domekan, Gernika-Lumon egindako agerraldian. Ciudadanos alderdiko buru Albert Rivera aipatuz, zera esan zuen: “Euskal herritarrak ez gara pribilegiatuak, eta kontzertu ekonomikoa ez da pribilegio bat. Konstituzioa bezain demokratikoa da”. Hain zuzen, Konstituzioaren XXXVII. urteurrena gogoratzeko batu ziren popularrak, Gernikako Juntetxean.
Halaber, Kontzertu ekonomikoa Euskal Herriko historiaren parte dela azpimarratu zuen Llanosek, “zenbaitek politika beraien erara asmatu duten arren”. Kontzertu ekonomikoa kentzearen alde agertu izan da Ciudadanos, eta adierazpen hori ezjakintasunari eta errespetu faltari egotzi zion Llanosek. Hala, Riverari esan zion Kontzertua ongizatea eta enplegua bermatzeko tresna dela.
PSOEko hautagai Pedro Sanchezek, aldiz, foru aldundiak kentzeko asmoa duela esan zuen PPko idazkari orokorrak. Hala, Riverak eta Sanchezek euskal herritarren kontrako “bikote perfektua” egiten dutela kritikatu zuen.