Lurgorrin ia 16.000 metro koadro egokitzeko asmoa du udalak
Gernika-Lumoko auzo horretarako udalak duen proiektuari buruzko udal osko bilkura monografikoa eskatu du EH Bilduk. Santa Luziako proiektuaren eta auzotarren ekarpenen jarraipena egiteko eskatu duela azaldu du. Koalizioak dioenez, auzotarren ekarpenak eta parte hartzeko eskaria udalak nola kudeatuko duen galdetu dute behin baino gehiagotan, baina ez dute erantzunik izan. “Ez alkateak, ez hirigintza zinegotziak ez zuten erantzun argirik eman azaroko osoko bilkuran”, azaldu dute.
Ekarpenak egiteko epea amaitu da, eta, obren lizitazioa aurrera doala ikusita, udalak auzokoei azalpenak zor dizkiela uste du EH Bilduk. Gainera, azalpen horiek publikoki eman behar dituela dio, akta ofizial batean jasota gera daitezen. Izan ere, lizitazioaren fase honetan, kontratuan aldaketak egitea legez kontrakoa izango delaren susmoa du EH Bilduk. “osoko bilkura monografiko horretarako txosten juridikoa eskatu dugu udal idazkaritzan. Udalak oztopo legal horiek ondo ezagutu arren, auzotarrei ekarpenak eskatu dizkie, bide guztiak itxita dituen parte hartze prozesu baten itxura eman nahian akaso”, diote.
Guztira ia 16.000 metro koadro egokitzeko eta berrantolatzeko
proiektua aurkeztu zien udalak azaroan auzokoei. Horiek, baina, beraien beharrizanak kontuaan hartzeko parte hartze prozesua eskatu dute, eta
sinadurak batzen ari dira. Proiektuari
ekarpenak ere egin diote, eta udalean aurkeztu.