Udaletxea
2016. urterako udal aurrekontuak zehaztu asmoz, lehen onarpena eman die Gautegiz Arteagako udal osoko bilkurak. Guztira, 850.055,67 euroko aurrekontua izango dute, 2015ean izan dutena baino 45.000 euro gutxiago. Gastuei eusteko politika ekonomikoari eutsiko diola azaldu du udalak. Halaber, zerbitzuak mantenduko dituela esan du, eta egiturazko inbertsioak egingo dituela, turismo jasangarrian oinarritzen den herriko ekonomia dinamizatzen laguntzeko. Era berean, hiri antolamenduaren plan orokoraren berrazterketa prozesuarekin ere hasiko dira 2016an.
Mantenu, zerbitzu eta eneergia gastuetarako gorde du udalak partidarik handiena (325.477 euro), eta inbertsioetarako 111.906 euro bideratuko ditu. Inbertsio horiek “garrantzitsuak” izango direla azaldu dute: herriko ekonomia dinamizatzeari zuzenduta, zerbitzu sektoreari laguntza eman gura diote, eskaintza turistikoa gehituz eta egonaldiak areagotzea lagunduz. Proposamenen artean, udalaren lur eremuan autokarabanentzako gune bat sortzea aurreikusi dute.
Aisialdiari begira, Kanalako forntoiaren erabilpena sustatu nahi du udalak; horretarako, estaldura jarriko diote, egun euritsuetan ere erabilgarri izateko. Inbertsio hori Sukarrietako Udalarekin batera egingo du.
Hirigintza atalean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrazterketa egin gura du Gautegiz Arteagako Udalak. Prozesu horretan, gainera, herritarren ekarpenak, ideiak eta beharrizanak kontuan izango dituztela jakinarazi dute.
Tasa eta zergei dagokienez, Ondasun Higiezinen gaineko zerga mantendu egingo du 2016an, eta gainontzekoetan igoera txiki bat planteatu du.