100 salaketatik gora jarri dituzte Arantza Zuluetaren bakartzearen kontra
Salaketak jartzeko mahaia jarri dute Zuluetaren lagunek. Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dute abokatua, daukan espetxe egoera berrikustekoEspainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Yuste eta Puerto III espetxeko zuzendari Miguel A...
Salaketak jartzeko mahaia jarri dute Zuluetaren lagunek. Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dute abokatua, daukan espetxe egoera berrikusteko
Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Yuste eta Puerto III espetxeko zuzendari Miguel Angel Rodriguezen aurkako salaketak jarri zituzten 100dik gora herritarrek, zapatuan, Lekeition. Espetxe erakundeetako arduradun bi horiek, Arantza Zulueta abokatua «legez kanpo bakartuta» daukatela salatu dute.Abuztuan Bilbon hasitako ekimenagaz aurrera jarraitzen dute Zuluetaren lagunek. 150 salaketa jarri zituzten orduan, Bilbora joanda, eta urrian 511 salaketa jarri ziren Donostian Zulueta eta Enparantzaren bakartzearen arduradunen kontra. Horrela, salaketak egiteko mahaia jarri zuten, zapatuan, Eskolapean, eta udalaren baimenagaz, pankarta handi bat ipini zuten Independentzia plazako kioskoan. «Ahal dugun salaketa guztiak bete eta jarri behar ditugu urte bira luzatzen ari den egoera anker honi amaiera eman behar zaiolako», azpimarratu dute.
Salaketez gain, postalak ere bete zituzten herritarrek Arantza Zulueta zoriontzeko. Domekan Arantza Zuluetaren urtebetetzea izan zen eta zorion agurren bidez «isolamendu hormak zulatu» nahi izan zituzten. «Topa ere egin genuen bere omenez», aitatu dute.
Berrikuspena
Bestalde, Zuluetaren lagunek jakitera eman dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dute bihar, abokatua, daukan espetxe egoera berrikusteko. Urtarrilean bi urte beteko dira atxilotu zutenetik, eta ordutik behin-behineko espetxe zigorra betetzen ari da. Zuluetaren lagunek azaldu dutenez, berrikuspena egin arren, ez daukate haren egoera aldatuko denaren esperantza gehiegirik.
2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandozekin batera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldearen aurkako operazio batean. Espetxean jarraitzen duten bakarrak Zulueta eta Enparantza dira.