Paddle surf zaleek, itsas zeharkaldia egin zuten Urdaibaiko itsasadarrean, herenegun. Water Sports Club Northwind-ek antolatuta egun osoko topaketa egin zuten.
Eguerdi partean, Mundakako Txorrokopuntan elkartu ziren 36 sup zale. Familian edota lagun taldetan joan ziren Mundakara. Adin eta maila guztiek egiteko moduko zeharkaldia izanik ez zuten hutsik egin nahi izan.
Izan ere, herriko eta inguruetako surflariak ez ezik, Bizkaiko zenbait herritako zein Kantabria eta Valladolidgo (Espainia) jendea ere animatu zen zeharkaldia egitera.
Hondartza inguruan taulak probatu ondoren, ordu erdi beranduago ekin zioten zeharkaldiari.
Murueta pareraino heltzea zen antolatzaileen hasierako asmoa, baina, azkenean zeharkaldi laburragoa egin zuten. Abiatutako leku berean amaitu zuten saioa.”Prebisioak ez zuen hainbesteko hego haizerik zehazten eta itsasoa ere nahiko hazita zegoenez, hasierako plana moldatu genuen”, azaldu dute antolatzaileek.
Gainera, zeharkaldia amaitu ostean, gura zutenek Mundakako olatuan beren abilezia frogatzeko astia ere hartu zuten. “Hasierako asmoa zen atsedenalditxo bat hartu, indarberritu eta gero uretara sartzea, baina, dena jarraian egitea erabaki genuen”.
Eguraldia lagun izan zuten, eta zeharkaldiagaz oso gustura geratu ziren parte hartzaileak. “Izugarri gustatu zitzaigun, batzuk lekua esagutzen genuen, baina beste batzuek ez ordea, eta liluratuta geratu ziren. Itzuliko garela hitzeman dugu”.
Hirugarren saioa
Superos viajeros. Travesias de sup programaren hirugarren saioa izan zen herenegungoa. Aurretik, Somoko Cubas itsasadarrean (Kantabria, Espainia) eta Aguilar del Campo urtegian (Gaztela eta Leon, Espainia) egin zituzten horrelako beste bi saio.