Artxiboko irudia.
Herenegun arratsaldean 2-1 galdu zuen Real Sociedad B-ren kontra, Zubietan (Donostia, Gipuzkoa).
Zapore gazi-gozoa izan zuen euskal derbiak Gernikaren zaleentzat. Hasierako minutuetatik partida kontrolpean izan zuen talde bizkaitarrak, eta zelaian nagusitasuna erakutsi zuen. Esaterako, Aimar Cid-ek eta Lander Torrealdaik gol aukera bana izan zuten.
Hala, partida kontrolpean zutela, eta ondo jokatzen ari zirela, 0-1 aurreratu ziren lehen zatiko 39. minutuan, Entziondok area ertzetik sarturiko gol dotoreari esker.
Baina, bigarren zatian partida maldan gora jarri zen gernikarrentzat. 53. minutuan epaileak txartel gorria atera zion Larruzeari, Capilla realeko jokalariari egindako falta itsusiagatik.
Gernika jokalari bat gutxiagorekin ari zela igarri zen zelaian, eta 65. minutua igarota, Babic-ek berdinketaren gola sartu zuen.
Gero, partida amaitzeko hamar minutu baino gutxiago falta zirela heldu zen partida erabakita utzi zuen jokaldia. Gernikak partidako hirugarren aldaketa egin berri zuen. Entziondoren partez Etxabe zelairatu zen, eta bere lehen jokaldian txartel gorria ikusi zuen. Area barruan Bautistari eginiko falta adierazi zuen epaileak, eta penaltian ez zuen hutsik egin Bautistak.
Hiru postu beherago
16. jardunaldiko partidan punturik lortu barik bueltatu da etxera Gernika, eta gainera, 2.B mailako bigarren multzoko sailkapenean seigarren izatetik bederatzigarrena izatera pasatu da. Hain zuzen ere, talde gernikarra 22 puntugaz, Real Sociedad B zortzigarrenagaz berdinduta dago orain.