Argazkia: Gernika R.T.
Partida garrantzitsua zen atzokoa bi taldeentzat, hiru puntuak pilatzea baino gehiago zegoelako jokoan.
Hamaikana puntugaz berdinduta zeuden neurketa hasi aurretik, eta atzoko porrotaren ostean, sailkapenean postu bat beherago dira gernikarrak. Pozueloren aurretik, azken aurreko daude.
Gernika eta Barcelona rugby taldeek nahiko berdinduta jokatu zuten, maila ona erakutsiz eta jokaldi politak sortuz.
Gernikarrek hartu zuten aurre markagailuan lehia hasi eta hamar minutura, eta partidako minutu gehienetan aurretik izan ziren.
Bertero izan zen hasierako puntuak pilatzea lortu zuena, eta beste behin, partidako protagonistetako bat izan zen argentinarra. Esaterako, haren asistentziaz lortu zuen entsegua egitea Jamie Verran etorri berriak, eta Berterok berak transformatu zuen.
Basurdeek beren aukerak ondo aprobetxatzen asmatu zuten atzokoan. Lehen zati bikaina egiten zebiltzan, baina, haien hutsegite baten ondorioz lortu zituen etxeko taldeak bere lehen puntuak. Hala, 7-10 hurreratu ziren katalanak.
Gero, 7-18-ko emaitzagaz zeudela, eta lehen zatia amaitzear zela, etxekoek entsegua egin zuten. Azken minutu horietan nagusi izan zen etxeko taldea, eta 12-18 heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiari erabat indarberrituta ekin zion etxeko taldeak. Konfiantzaz jokatzen hasi zen, eta basurdeen zelaian sartzeko gogor borrokatzen zebilen. Hala, 63. minutuan bere hirugarren entsegua egin zuen Barcelonak, lehenengoz markagailuan aurrea hartuz: 22-21.
Aldea oso estua zen, eta neurketa irekita zegoen. Berterok beste kolpe bat egitea lortu zuen, baina, etxekoek beste bi egin zituzten. Gainera, azken unean entsegua egitekotan izan ziren basurdeak, baina, ez zuten erdietsi.