Mundaka turistikoki eta sozialki dinamizatu gura dute pintxopoteagaz
Hainbat dira bariku gauetan pintxopotea eskaintzen duten Mundakako tabernek. Ekimen horren bitartez, ostalariek Mundakako Udalaren laguntzagaz, herria sozialki eta turistikoki dinamizatzea dute helburu, asteburuaren bezperan.
Hala, gauza berriak egiten hasi dira ekimen sozio-gastronomiko hori hobetze aldera. Esaterako, hileko azken barikuetan pintxopotean parte hartzen duten tabernek, euren bezeroen artean zozketak egiten hasi dira. Hile bakoitzean, tabernetako batean egingo dela azaldu dute. Abenduaren 25an, Gabonetako otzara bat zozkatuko dute, eta maiatzaren 27a, pintxopotearen azken barikua izango denez, zozketa berezi bat prestatzen ari direla jakinarazi dute.
Maiteder Badiola Mundakako Udalaren Turismo eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez, «pintxopotearen ekimena hobetzeko zenbait ideia lantzen ari gara udala eta ostalariak batera; esaterako, garraio zerbitzu berezia egitea posible litzatekeen aztertzen ari gara, beste hainbat gauzaren artean».
Honako tabernek parte hartzen dute barikuko pintxopotean: Goikoa, El Puerto Hotela, Ibarralde, Igontxu, Itsasne eta Los Chopos.