Iaz, 40 lagun inguru joan ziren
Urteroko hitzorduari eutsiko dio aurten ere Sollube 707 mendizale taldeak. Hala, beste urte batez, eta hutsik egin barik, jaiotza jartzera hurbilduko dira Burgo mendira. Horretarako, beste behin ere, irteera antolatu dute. Datorren martitzenereko, abenduaren 8rako, ipini dute hitzordua. 09:00etan batuko dira, Artike enparantzan; handik elkarrekin egingo baitute Burgorako bidea.
Gurasoek seme-alabekin batera «erraz» egiteko irteera dela diote mendi taldekoek, eta hainbat izaten dira urtero parte hartzera animatzen direnak; «elkarrekin, ondo pasatzeko aukera ematen baitu».
Jaiotza jarri ostean, bertaratutako guztiek sabelak betetzeko aukera izango dute ohiko txistorra janarekin. Eguraldi ona egiten badu, Burgon bertan egingo dute txistorrada. Euria egingo balu, baina, Mañuko frontoira jaitsi, eta han egingo luketela jakinarazi dute.