Prentsaurrekoan eman dute biharko ekimenen berri
Elbarriren bat dutenen nazioarteko eguna da abenduaren 3a, eta ekitaldi berezia egingo du Asinsoc elkarteak, Gernika-Lumon. XV. urteurrena dela baliatuta, egun osorako ekimenak antolatu ditu, gainera. Goizean, 11:00etan, saskibaloi erakustaldia izango da Maloste kiroldegian. Gernika-Lumoko nesken taldeak eta Bilboko Bidaideak elbarrtuen taldeak parte hartuko dute. Ostean, bazkaria egingo dute elkartekideek, Batzokian.
Arratsaldean, urteurreneko gala egingo du Asinsoc-ek. Bertan, hainbat talde, elkarte, enpresa eta norbanakoen lana sarituko du elkarteak.
Hausnarketa egin du Elbarriak Gizarteratzeko Elkarteak. Hain zuzen, gizartea hezi egin behar dela ondorioztatu dute, kontzientziak pizteko. Horretara zuzenduko dituzte hurrengo hilabeteetarako ekimenak, eta baita bihar arratsaldeko ekitaldia ere. Lizeo antzokian batuko dira, 18:00etatik aurrera.
Kanpaina
Biharko ekitaldiarekin hasi, baina gizartearengana heltzeko kanpaina datozen hilabeteetan luzatu egingo dela azaldu du elkarteak. 2016an jarraipena izango du, eta hainbat ekimen egin gura dituzte. Kalean izan nahi dute, diotenez, jendartea jabetu behar delako elbarriren bat dutenen mugikortasun arazoak zelakoak izan ohi diren. Erosketak egiteko, eraikin publikoetara heltzeko, kaletik ibiltzeko, bidaiatzeko edota etxetik ateratzeko egunerokotasunean dituzten trabak ikusgarri egin gura dituzte. Orain 15 urte elkartea sortu zutenetik asko aurreratu dela azaldu du elkarteko presidenteorde Patxi Quirogak, baina oraindik ere egiteko asko dagoela. Eta dituzten arazo eta gabeziei aurre egiteko gizarteak horiek ulertu eta barneratu behar dituela uste du.
Gaur egun arte, Busturialdean mila lagun baino gehiagori eman dio laguntza Asinsoc elkarteak.