Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna ere apituko dute; 10 urteko zigorra eskatuko du fiskalak harentzat ere
Elkarretaratzea egin zuten domekan, Errigoitin
Urtarrilaren 12an zen hastekoa 04/08 sumarioko makroepaiketa politikoa, baina,
abokatuen kontrako polizia operazioa egin zuten egun horretan, eta atzeratu egin behar izan zuten. 35 lagun epaituko dituzte; tartean, Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna eta Mikel Etxaburu ondarrutarra. Batasuna, ANV eta EAHK alderdietako kide izatea leporatzen diete 35 auzipetuei, eta horiek ETA erakundearen estrategia jarraitzen zutela argudiatu du akusazioak. Beraien lana politikoa izan dela argudiatu zuten auzipetuek urtarrilean, Donostian egindako agerraldian; eta gisa honetako epaiketek Euskal Herriaren etorkizuna oztopatzea dutela helburu.
Bihar hasiko da martxora arte iraungo duen makroepaiketa. Lau hilabetean, ia astero joan beharko dute auzipetuek Madrilera. Horrek gastu ekonomiko eta pertsonal hadia suposatzen duela dio Marije Fullaondok: “Hurrengo lau hilabeteetan gure bizimodua, gure lana, gure familia bizitza zein pertsonala berrantolatzera behartuta gaude”. Bihar hasi eta abenduaren 14a bitartean hartuko die epaileak deklarazioa inputatuei. Epaieta bera, martxora arte iraautea espero dute.
Hamarna urteko zigorra eskatzen du fiskalak inputatu bakoitzarentzat, eta beste horrenbesteko debekua kargu publikoan aritzeko.
Fullaondo 2007ko abenduaren 18an atxilotu zuten, Gernikan. Bi urte eta lau hilabeteko zigorra bete zuen behin-behineko espetxealdian, Castelloko (Herrialde Katalanak) kartzelan. Bermea ordainduta, azke utzi zuten 2010eko apirilean.