Bermeoko sarreran egin duten grafitia
Atzo arratsaldetik
Zure medula=bere bizia irakur daiteke grafiti batean, Mundakatik Bermeorako errepidean, herrirako sarreran, hain zuzen ere. Hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina martxan duen herritar taldearen beste ekimenetako bat da; helburua, ohikoa, hezur-muin emaileak bilatzea.
«Bizitzak salbatzea» dute helburu eta ekinean ari dira, ahalik eta jende gehiagorengana iritsi asmoz. Horregatik, oraingoan, maiatzean abiarazi zuten kanpainaren baitan, grafiti bat egitea erabaki dute. Mari Jose Martinezek azaldutakoaren arabera, «informaziorako eta emaile egiteko hitzordua eskatzeko telefono zenbakia ere jarri gura izan dugu, zuzenak izan beharrak daukagu».
Hasiera batean, grafitia herriko beste sarreran egin gura zutela azaldu dute, zehazki, antzinako Jose Done ikastetxeko horman: «Han baina, skate pista dago eta skateruek kirol elkartekoek erabili gura zuten. Biok erabiltzeko baimena genuen, baina ez genuen gauzak nahastu gura», esan du Martizenek. Hala, beste aukera hori zegoela ikusita, Bermeoko Udalera jo zuten baimena eskatzera, eta baiezkoa eman zien.
Leku hori, gainera, «aproposagoa» dela uste dute, «gehiago ikusten da eta jende gehiagoren arreta erakarri dezake». Herritar guztiengana iristeaz gain, bisitariengana ere iritsi gura dute, eta horren bitartez, orain, posible izango dutela uste dute, «atentzioa ematen du eta». Astelehenean egin zuten grafitia, eta Martinezen arabera, «askori gustatu zaie ideia». Beste herri batzuetan ere holakoak ere badaudela jakinarazi du. «Honi esker bi emaile lortzen baldin baditugu, ongi etorriak izango dira», dio Martizenek.
Uda aurretik buruan duten ideia zela diote, hala ere, gauzak astiro egin behar direla dio, eta bere denbora behar dute.
Gautegiz Arteagako Mikel Aldekoarai arduratu da grafitia egiteaz, 12 urte daramatza mota horretako lanak egiten. Laguntzeko bada, beti «baiezkoa» ematen duela dio, «lasai marrazteko» aukera ematen dio, besteren artean. Taldeak emandako ideiari forma eman zion, eta gustokoa izan zuten, beraz, «gustora» egin du.