Bruno Mercanti: "Ondo jokatu arren, heldutasuna falta zaio taldeari oraindik"
Hiru denboraldi Italian jokatzen egon ostean, Gernika Rugby taldera bueltatu da aurten Bruno Mercanti (Argentina, 1988). Taldea entrenatzeaz gain, urtarriletik aurrera jokalari moduan ere ariko da.
Ohorezko Mailako sailkapenean azken aurreko postuan da Gernika Rugby taldea. Hiru neurketa falta zaizkie lehen itzulia amaitzeko, eta Mercantik esan duenez, bihar VRAC Valladolid liderraren kontra partida zaila dute Urbietan (16:00).
Aurretik jokalari moduan aritu zinen klubaren entrenatzaile kargua hartu duzu. Zelan osatu duzue taldea?
Aurreko denboraldiagaz alderatuta, talde ia guztiz berria dugu. Etxeko eta fitxatutako jokalariak kontuan hartuta, hamasei aldaketa egon dira. Jokalari batzuk kanpora joan dira ikastera edo beste talde batzuetan jokatzera, eta beste batzuk jokatzeari utzi diote. Oraindik, taldea heldutze prozesuan dago.
Beraz, bigarren bueltan jokoa hobetzeko eta puntu gehiago eskuratzeko itxaropena daukazu?
Partidaz partida aurrera goaz, hobetzen, baina oraindik etxetik kanpo indartsuago izatea falta zaigu; etxean jokatzen dugunean daukagun heldutasuna izatea kanpoan. Jokalari batzuek ez dute maila berean jokatzen etxean eta kanpoan. Baina, orokorrean, geroz eta hobeto eta hori da garrantzitsuena. Jokalariek irabazi dezaketela pentsatu behar dute; beti irabazteko mentalitatea izan, eta zelaian jarrera ona eduki behar dute.
Denboraldia hasi zenetik bi partida irabazi eta sei galdu dituzue. Heldutasun falta izan al da arrazoi nagusia?
Bai, hala da, eta batzuetan zorte txarra ere bai, azken unean galdu ditugulako batzuk. Talde berria izateak eta fitxaketekin ez asmatzeak desoreka hori ekarri digu. Baina espero dugu egin berri ditugun fitxaketekin bigarren bueltarako taldea sendotzea.
Zeintzuk dira aurtengo fitxaketa guztiak?
Azken fitxaketak asteon heldu dira: Zelanda Berritik Jamie Bereen, eta Argentinatik, David Morgan eta Mauro Mol. Beste alde batetik, urriaren erdialdera, hiru jokalari fitxatu genituen: Blast, Mateo eta Facundo. Argentinarrak dira hirurak. Blastek eta Mateok hirugarren lerroan jokatzen dute eta Facundok erdialdean edo joko-zabaltzean. Horiek fitxatu ditugu aurretik etorritako bi jokalari ez zirelako taldera ondo egokitu eta ez zutelako guk espero genuen maila eman. Bestalde, Pietrelli, Sclavi eta Bertero ere udan etorri ziren, denboraldi-aurrea prestatzeko. Pietrellik erdialdean jokatzen du; uztartze erdia da. Sclavik, berriz, harroin modura, eta Berterok atzelari moduan.
Gainera, lesiotik errekuperatzen zarenean, zuk ere jokatzeko asmoa duzu, ezta?
Bai, urtarrilean jokatzen hasteko itxaropena daukat. Aurreko lotailu gurutzatua hautsi nuen; uztailean egin zidaten ebakuntza, eta lau hilabete daramatzat berau berreskuratzekotan. Ondo doa, presa barik eta ezarritako denborak errespetatuz.
Zenituen jokalariekin zelan prestatu zenuten denboraldia udako hilabeteetan?
Denboraldi-aurrea goizetik hasi genuen; uztailaren erdialdera hasi ginen etxeko jokalariekin. Entrenatzaile eta jokatzeko sistema berriak izanik, garrantzitsua zen ahalik-eta arinen hastea. Ahalik eta lagunarteko partida gehien jokatzea zen asmoa, eta azkenean, hiru jokatu genituen.
Eta zein da aurtengo denboraldiko helburua? Helburu nagusia ardi dago: kategoria mantentzea da. Bestalde, Errege Koparako sailkapena lortzea ere bada aurtengo denboraldiko xedea. Oraindik aukerekin gaude, hemezortzi edo hemeretzi puntugaz sailkatzea lortu genezake. Beste taldeei dagokienez, zeintzuk dira indartsuenak edota faboritoenak? Zalantza barik, VRAC da faboritoa. Talde oso ona da, azken urteetan jende bera mantendu du, eta oso fitxaketa onak egin ditu. Bathco ere talde indartsua da, baina, jokalari berri asko fitxatu ditu eta guk dugun heldutze arazo bera du. Santboiana eta Salvador ere indartsuak dira; goikaldeko taldeei traba egin eta behekoei irabazten ariko direnak. Lehen itzulia amaitzeko hiru partida baino ez dira geratzen. Orain arteko zer nolako balorazioa egiten duzu? Egoera kritikoan gaude, puntuen beharrean, gutxienez, lehenengo buelta erosoago amaitzeko. Hiru partida horietatik, behintzat, bat bost puntugaz irabaztera behartuta gaude. Eta beste biak ere irabazten baditugu, hobeto. Bartzelonaren kontra etxetik kanpo jokatuko dugu, eta bertan eta VRAC eta Bathco-ren aurka etxean jokatuko ditugun partidetan, ahalik eta puntu gehien lortzea da gure zeregina. Hain zuzen ere, asteburuan VRAC liderra hartuko duzue etxean. Zer espero duzue? Gutxienez, defentzako puntuak lortzen eta entseguak egiten ahaleginduko gara, eta galduz gero, zazpi puntuko aldea baino gutxiagogaz galtzea gura nuke. Haiek oso talde indartsua dute, lidergoa dute eta Europako Kopa jokatzen ari dira. Gu ondo jokatzen ari gara, baina, bai lehenengo zatian eta baita bigarrenean ere, heldutasuna falta zaigu; batez ere, hasierako hamar minutuetan. Horrela, puntu asko oparitzen dizkiegu aurkariei.“Aurreko denboraldiagaz alderatuta, talde ia guztiz berria dugu”
Klubarekiko lotura estua daukazu. Noiz heldu zinen Gernika-Lumora? 2010ean heldu, eta bi denboralditan egon nintzen hemen. Eta aurreko hiru denboraldietan Italian aritu naiz. Aurreko denboraldiaren erdialdera burokrazia- arazoengatik kontratua eten eta hona etorri nintzen, eta otsailetik aurrera hemen jokatzen aritu nintzen. Gero, Nicolas Martinezek eta biok kirol proiektu bat aurkeztu genion zuzendaritza taldeari; haiek hura onartu eta taldea entrenatzeko ardura hartu nuen. Klubeko jendea ondo ezagutzen dut, eta lehenengoz etorri nintzenean gaztetxoen mailan zeuden jokalari asko daude taldean. Lotura estua dut taldeagaz, Italian nengoela ere urtean hainbatetan etortzen nintzen hona, neskalaguna hemengoa baita. Etxeko jokalariak aipatu dituzu. Harrobi sendoa al dauka Gernika Rugby taldeak? Harrobiko jokalari askok dohainak eduki badituzte, baina Ohorezko mailan jokatzeko formakuntza falta zaie. Jokalari batzuek aldaketa egin behar dute diziplina eta mentalitateari dagokienez. Zelanbait esateko, ardura gehiagogaz eta serioago hartu behar dute. Bestetik, beheko mailetan jokalari interesgarriak daude, baina, errealitatea da futbolak indar handia duela herrian. Ikastetxeetara joaten gara errugbia ezagutzera emateko, gure filosofia azaltzen diegu… Hala ere, komunikabideetan saltzen dena futbola da, eta mutikoek futbolari aberats izan nahi dute. Bainabbrr gure ateak zabalik daude, errugbian edonork jokatu baitezake.“Helburu nagusia maila mantentzea da, eta Errege Koparako sailkatu nahi genuke”