LAB sindikatu abertzalearen ustez, prekaritatean sartuta dago egun euskal langileria, eta egoera hori normaltzat hartzeak kezkatzen du sindikatua. Hala, uste du inoiz baino garrantzitsuagoa dela langileriaren eskubideak zeintzuk diren jabetzea, eta, horregaz batera, egoerari aurre egitea ezinbestekotzat jo du. Hori dela eta, ZureESKUbideak dinamika jarri du martxan.
LABek argi dauka prekaritatearen aurka egiteko bidea aberastasunen banaketan datzala. «Ikusi dugu orain arte aberastasunaren banaketarako eduki dugun bidea –negoziaketa kolektiboa– guztiz mugatuta dugula, horregatik, gutxienezko eskubideen inguruan langileak aktibatzea gura dugu».
Oinarrizko bost eskubide aldarrikatzen dituzte dinamikaren bitartez: Kalitatezko enplegua (35 orduko lanaldia, besteak beste) izateko eskubidea, duintasunez bizi ahal izateko soldata edukitzeko eskubidea, lan osasunerako eskubidea, lanean aukera berdintasun eskubidea eta euskara eskubidea.
Neurriak hartu beharra
Eskubide horiek bermatze aldera, Lea-Artibai eta Busturialdeko enpresetara joko du sindikatuak. Izan ere, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko egoeraren aurrean, beharrezkoa ikusten du neurriak hartzea, bai langileen lan baldintzak hobetzeko, eta baita lanpostuak sortzeko ere.
Izan ere, kezka agertu du krisiaren ostean herritarrek bizi duten egoeraz. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, esaterako, 521.751 pertsona pobrezia arriskuan daudela esan du; alegia, populazioaren %16,7a. Lea-Artibairi eta Busturialdeari dagokionez, berriz, langabezia tasa %10,3koa eta %13koa dela nabarmendu du, hurrenez hurren. Alegia, Lea-Artibain, 1.288 langabetu daude, eta Busturialdean, 2.880.
Azken aldian aipatzen ari den susperraldi ekonomikoa langileek ez dutela nabari dio LABek. Are gehiago, datu finantziarioek gorako joera baldin badute, langileen prekaritatea eta pobrezia areagotu delako izango dela dio.
Krisiak uztitako «argazki ikaragarri horri» buelta emateko, 35 orduko lanaldiagatik eta ordu extrarik ez edukitzeagatik borroka egiteko apustua egingo du LABek. Dioetenez, aipatu eskualdeotan 40 orduko jarduna duten 10.000 langilek astean 5 ordu gutxiago egingo balituzte, 1.500 lanpostu berri sortuko liratekelako.
Lanaldi murrizketa
Lanpostuak sortzeko planteamendu bakarra, beraz, lanaldi murrizketa dela uste du sindikatu abertzaleak; betiere, soldata beragaz. Eta, horretarako, Patronalak gutxiago irabazi beharko lukeela dio.
Sindikatuak argi du: «Langilearen lanagatik sortzen dira lan etekinak; hortaz, aberastasun hori langileen artean banatu beharra dago».
LAB-en bost oinarriak
1. Kalitateko enplegua.
– Derrigorrezko kaleratzerik ez.
– 35 orduko lanaldia.
– Lanaldi partzial inposaturik ez.
– Malgutasun neurriei ez.
– Lan baldintza duina azpikontratetan.
– Aparteko ordurik ez.
2. Lan osasuna.
Lan munduan lan osasun eskubidea bermatu behar da. Bizitzeko lan egiten dugu, ez lanean osasuna galtzeko. Lan osasunerako eskubidea bermatuko duen eredu publikoaren alde gaude. Mutualitateen erreformari aurre egiteko ekimenak sustatzera goaz.
3. Soldata.
– Aberastasun banaketa geroz eta bidegabeagoa da. Soldatak igotzeko momentua da.
– Soldata duinak: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata.
– Lan berdina, soldata berdina.
4. Aukera berdintasuna.
Sexuen araberako lan banaketaren ondorioak gainditu behar ditugu. Eta, gehiago, diskriminazio guztien aurka egin behar dugu, hautu sexualarengatik eta jatorriagatik ematen direnen kontra ere bai.
5. Euskara.
Langileok hizkuntz eskubideak ditugu. Jabetu gaitezen. Euskara zure eskubidea da. Lan mundua euskalduntzeko bidean aurrera egiteko ezinbestekoa dugu gure eskubideak praktikan jartzea, langileon protagonismotik.