Jaialdian parte hartuko duten taldeetako zenbait kide
Bermeoko Ozhen eta Zartada eta Gernika-Lumoko Sueder eta Gautxori taldeak izango dira, hain zuzen ere, abenduaren 18an Bermeoko Kafe Antzokiko agertokian.
Gaztedi Busturialdea proiektua osatzen duten eskualdeko 12 herriek lehenengoz antolatu dute Busturialdeko Gazte Musika jaialdia. Helburu nagusia, Busturialdeko gazteen musika taldeen lana bultzatzea eta zabaltzea da. Hamar taldek eman dute izena, eta horietatik lau aukeratu dituzte Gazte Musika jaialdian parte hartzeko.
Abenduaren 18an, 21:00etan zabalduko dituzte Bermeoko Kafe Antzokiko ateak. Lehenengo taldearen kontzertua 21:30ean hasiko da, eta bakoitzak 50 minutu inguruko kontzertua eskainiko duela azaldu dute. Hala, jaialdia lau ordu ingurukoa izango dela diote. Taldeen ordena honakoa izango da: Gautxori, Zartada, Sueder eta Ozhen.
Busturialdeko Musika Jaialdirako sarrera doanekoa izango da, hala ere, joan gura duten horiek beharrezkoa izango dute aldez aurretik gonbidapenak batzea. Kafe Antzokiko edukiera bete arte banatuko dituzte gonbidapenak Bermeoko eta Gernika Lumoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuetan eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen bulegoetan (Gernika-Lumoko plazan). Gaur bertan hasiko dira gonbidapenak banatzen, eta pertsonako bi gonbidapen emango dituzte.
Jakinarazi dutenez, jaialdia amaitzen denerako autobusak jarriko dituzte.
Aukeratu dituzten taldeetako kideak “pozik” agertu dira. “Aukera on” bat dela uste dute guztiek.
TALDEAK
GAUTXORI (Gernika-Lumo)
Lau mutilez osatutako talde gaztea da Gautxori, hiru Gernika-Lumokoak eta laugarrena Abadiñokoa: Asier Zabala (Ahotsa eta gitarra erritmikoa), Ibon Bilbao (Gitarra), Endika Elizaga (Baxua eta koruak) eta Jon Rekalde (Bateria).
Euskeraz abesten dute eta rock alternatibo estiloko musika egiten dute. Taldekide guztien musika gustuak errespetatuz konposatzen dituzte abestiak.
Taldekide guztiek ikasi dute musika eskolaren batean, beraz, musika hezkuntza dute. Gainera, taldekide bakoitzak, musika tresna bat baino gehiago jotzen daki.
ZARTADA (Bermeo)
2013an sortu zen taldea, Bermeon. Musika estilo desberdinak jotzen dituzte; rock, ska, punk eta rock n’ roll. Taldea sortzearen arrazoia musikagaitik izandako zaletasuna izan da. Batez ere, euskeraz abesten dute.
Jon Carranza (Bateria), Jonan Juarez (Baxua), Beñat Aurre (Gitarra eta Ahotsa) eta Andoni Gutierrez (Gitarra) dira taldekideak. Taldearen lehen kontzertua kuadrillakoen txoko batean izan zen. Ordutik aurrera, berriz, hainbat kontzertu eman dituzte.
SUEDER (Gernika-Lumo)
2012. urtean Gernika-Lumon sortutako taldea da. Unai Aldekozeak (Gitarra), Ander Uribarrik (Bateria), Koldo Sanchezek (Baxua eta ahotsa) eta Xabi Larrainzarrek (Gitarra) osatzen dute Sueder taldea.
Jotzen dituzten abestiak, rock estilo bizienetik pop/rockera doaz. Abestietan Itoiz, Gatibu, Police… bezalako taldeen eragina nabari daiteke. Euskeraz abesten dute, bizkaieraz zehazki, eta kantuetan eguneroko gaiak aurki daitezke: gure herriaren historia, amodioa…
Sei abestiz osatutako Bazan Ordue izeneko lana grabatu dute aurton Jorge Etxebarrieta Txortx teknikariagaz. Auto-ekoiztutako diskoa da eta azaroan kaleratu dute. Aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dute.
OZHEN (Bermeo)
Aurton sortu da Ozhen. Euskarazko pop-rock melodikoa lantzen dute. Partaideek beti gogoko izan duten 80 eta 90. hamarkadetako rock musikaren kutsua berreskuratu gura dute.
Guruzne Aristegi (ahotsa), Manu Goikoetxea (bateria), Esti Goikoetxea (baxua), Iker Latxaga (teklatuak) eta Aritz Hormaetxea (kitarra) bermeotarrek osatzen dute taldea.
Martxoan, eurek ekoiztutako eta ordaindutako lehen maketa grabatu eta kaleratu zuten. Mungiako Magic Box Musika estudioetan grabatu dutee aurreneko lan hori.