Eako udal ordezkariak, atzo. Argazkia: Andoni Landa
Eako udala Udal Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko bidea egiten hasi da.
Atzo arratsaldeko osoko bilkuran EH Bilduren lau zinegotzien botoekin onartu zuten Ueman sartzeko eskaria. Hala, erabakia ez da aho batez hartu, EAJ-ko bi zinegotziak abstenitu egin baitziren.
Uemako kide izatea onartzeagaz batera, bertan udalerriak izango duen ordezkaria ere aukeratu dute. Arritxu Zelaia Euskara eta Kultura zinegotzia da ordezkaria, eta haren ordezkoa Aitor Okamika izango da.
Hurrengo pausoa udalaren erabakia aldizkari ofizialean argitaratzea izango da, eta gero, urtarrilaren erdialdera Uemako batzar orokorrean onartuko dute Eako udalaren eskaria.
“Ordutik aurrera Uemako kide izango gara. Konpromiso zehatzak hartu eta ibilbide bat zehaztuko dugu, azken aldian euskararen ezagutzak izan duen beherakadari buelta emateko”, azaldu du Arritxu Zelaia Eako udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak.
Azken hamarkadetan ezagutzak gainbehera izan arren, oraindik ere euskararen arnasgune izaera du herriak, eta Uemako kide izanik izaera horri eustea da asmoa. “Ueman sartuta indar gehiago izango dugula uste dugu, eta gainbehera horri aurre egin, eta buelta emateko laguntza garrantzitsua da”.
Eman duten pausoa “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du Zelaiak, eta etorkizunera begira herrian zein egoeratan egon nahi duten zehazteko eta egoera hori lortzeko lanean tresna baliagarria izango delakoan dago.
Euskara eta Kultura zinegotziak azaldu duenez, azken 30 urteetan %15,6 egin du behera euskararen ezagutzak, eta gaur egun, %77,1-ekoa da euskararen ezagutza.