1610. urteko istorio bat 2015. urtera ekarri dute Muxikako emakumeek. Zugarramurdin erre zituzten sei andraren historia oinarri hartuta, errautsetatik ernatzeko gaitasuna antzeztuko dute zapatuan.
Errautsetatik Erne
Ez inor baino gehiago,eztaa inor baino gutxiago. 55 emakumezko dira, muxikarrak, eta bigarren lanarekin helduko dira zapatuan Gernika-Lumoko Lizeo antzokira.
Ez dira profesionalak, amateurrak baizik. Baina 1610. urteko istorio hunkigarria taularatuko dute areto bete jenderen aurrean. Ikusleak negarrez jarriko dituztelakoan dago antzezlaneko gidoilari eta zuzendari Onintza Enbeita. Aurreko saioetan hala gertatu delako, eta, dioenez, antzezten duten bakoitzean berari ere malkoak ihes egiten diolako.
Zugarramurdin ez, baina Busturialdean suan erreko duten emakume baten kontakizuna dakar oraingoan Ze edo ha kultur elkarteak. Azaoaren 25 gogoan oraindik, andren kontrako injustiziei buruzko antzezlana taularatuko dute etzi. «Historian atzera egingo dugu, 1610. urtera, Baina 2015ean ere oraindik andrak hiltzen dituzte», nabarmendu du Enbeitak. «Emakumeen kontrako biolentzia moduetan aldatu da, agian. Erre egingo dituzte, etxean ezkutatu, eskaileretatik bota edo labankadaka hil. Baina arazoaren oinarria berbera da». Mundua gizonentzat egina dagoela, eta emakumezkoek ere botere bera eska dezaketela ez dutela onartzen dio antzezlanaren zuzendariak. «Ez gara inorenak. Baina jabetzaren ideia hori gaur egun oraindik ikusten da gazteengan, modu sutilagoan».
Horregatik, 1610ean oinarritu arren, Errautsetatik erne injustiziaz eta agintekeriz hil dituzten emakume denei dedikatuta dagoela dio Enbeitak.
55 andre agertokian
Eta emakumeen omenezko antzezlan horretan 4 urtetik 82 urtera arteko 55 emakumek lan egiten dute. Nagusiena, Feli Madariaga, protagonistetako bat da, gainera. Haren lana eta beste guztiena azpimarratu du Enbeitak. «Inoiz gidoi bat irakurri gabe, testu denak gogoan izateko gai dira». Hasi berriak izan arren, hainbat taldekideren profesionaltasuna ere azpimarratu du. «Izugarria da emakume horiek antzezten eta abesten ikustea. Hainbat urtetan zenbat gauza izan dituzten ukatuta, eta orain ate bat zabaldu zaie». Euretako askok sekula ez lukete pentsatuko antzerki obra batean parte hartzeko aukera izango zutenik, eta gizarteari irakaspen bat ematen ari direla dio.
Horregatik, 2015ean antzezten ari diren obra hau «beti fokoetatik urrun» egon behar izan duten emakume denen omenez dela esan du. «Sinistarazi digutenaren aurka, gai izan gara 55 andre elkarrekin proiektu bat sortu eta aurrera eramateko». Lotsak alde batera uzteko garaia dela deritzo obraren zuzendariak, «eta txaloak jotzen dituztenean burua altxatzeko eta aurrera begiratzeko esaten diet. Txalo horiek beraientzat direlako. momentu hori magikoa da», dio Enbeitak.
Etzi, berriro magia egiteko asmoz helduko dira Lizeo antzokira. Bi saioa eskainiko dituzte, 20:00etan eta 22:00etan. Sarrerak salgai daude.