Ehunka globo lila askatu dituzte, Bermeon
Eguraldi txarrari aurre egin eta 12:00etan batu dira Goiko Plazan. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dugu gaur, azaroaren 25a. Edozein motatako indarkeria sexista gaitzesteko ekitaldia izan da goizean Bermeon egin dutena.
Udaleko ordezkariekin batera, Erroxape Emakumeen Elkarteko kideek, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareak, herriko ikastetxeetako ikasleek eta ordezkariek eta hainbat herritarrek parte hartu dute. Goiko Plazako kioskora igota, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, emakumeen taldeetako ordezkariek eta ikastetxeetako ordezkariek hartu dute hitza. Emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen zein sexismo-modu gaitzetsi dituzte.
Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duen gizarte batean bizi garela berretsi dute, eta, horren aurrean, berdintasun-politikak baliatzea «ezinbestekoa» dela uste dute.
Ekitaldiari amaiera emateko ehunka globo lila askatu dituzte.
Eraildako andreak gogoan
Bestalde, arratsaldean, eraso sexistei planto egiten jarraitu zuten. Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareak eta Erroxape Emakumeen elkarteak, ekimen bateratu bat egin zuten, lehenengoz. Salaketa ekimena izan zen atzokoa. Elkarretaratzea egiteaz gain, azken urtean Euskal Herrian indarkeria matxistaz eraildako 10 andreak izan zituzten gogoan; performance txiki baten bitartez, horiek omendu gura izan zituzten.