Salutregik kazetarien, herritarren eta eragileen babesa jaso du Ean
Salutregiren ibilbidea errepasatzeaz gain, 'Egin'-en itxierak suposatu zuenaz berba egin zuten zapatuan. Salutregik emozioz eta aldarrikapenez betetako mezuak agertu zituenJabier Salutregi Egin-eko zuzendari zena eta zazpi urte eta erdiz espetxean egon...
Salutregiren ibilbidea errepasatzeaz gain, ‘Egin’-en itxierak suposatu zuenaz berba egin zuten zapatuan. Salutregik emozioz eta aldarrikapenez betetako mezuak agertu zituen
Jabier Salutregi Egin-eko zuzendari zena eta zazpi urte eta erdiz espetxean egon dena herrian eta aske dagoela ospatzeko ekitaldia egin zuten zapatuan Ean. Emozioz betetako hitzordua izan zen, bai herritarrentzat eta baita ekitaldira gonbidatuak izan ziren kazetari eta eragileetako ordezkarientzat ere. Horien artean zeuden, esaterako, Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA-ko zuzendaria, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria eta Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria.Dantzariek Agurra eta Aurreskua eskaini zioten Salutregiri. Eta ostean Harrera elkartekoek eta LAB sindikatukoek opariak eman zizkioten. Ondoren, Salutregiren ibilbidea errepasatu zuten herritarrek.
Kazetarien adierazpenak
Otamendik hartu zuen hitza jarraian. «Itxiera gertatu zenean euskal prentsan lan egiten genduenok babesik gabe geunden, eta oraindik ere babes barik jarraitzen dugu. Izan ere, ezin dezakegu esan berriro ere horrelako kolperik ez dugula jasoko». Otamendik, bai Egin-en eta baita Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak «mendeku helburuagaz» antolatu zirela gaineratu zuen.
Otamendik berbetan amaitu orduko, Eskolondon bildutakoak plazara joan ziren. Eta han, Ibaibarriagak hartu zuen hitza, balkoian. HITZA-ko zuzendariak Egin-en itxierak bere etxean zer suposatu zuen azaldu zuen. Eta aldi berean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera ere salatu zuen. «Baina aurrera egin genuen, eta horren adierazle da ni gaur hemen egotea». Ibaibarriagak kazetaritzan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen. «Orduan ere guk dakiguna egin genuen, eta aurrera begira ere horretan jarraituko dugu».
Plazatik Eskolondora
Ostean Xabat Galletebeitia eta Ander Iturraspe bertsolariek hiruzpalau bertso bota zituzten. Eta jarraian, herritarrak berriro ere Eskolondora abiatu ziren. Orduan Sotok hartu zuen hitza. Adierazpen askatasunaren aurkako ekintzak, presoak eta ametsak izan zituen hizpide Sotok. «Egunkari bat egiten dugunok etengabe ari gara margotzen zeintzuk izango diren herri honen ametsak. Eskerrik asko Jabier, egindako lan guztiagatik». Sotok, gainera, herritarrei begira, euskaldunok zorionekoak garela gaineratu zuen. «Egin duguna egin dugulako, zorioneko herri bat gara».
Salutregiren berbak
Salutregik espetxean emandako urteetan bizi izandako sentimenduak agertu zituen. Eta zenbait pasarte kontatzerakoan, begiak bete-bete ere egin zitzaizkion. Batik bat, preso daudenen eta horien senideen sentipenak gogora ekarri zituen. Eta eskerrak emanez amaitu zuen berbaldia.
Herritarren txalo zaparradak lagunduta eta dantzariek Lepoan hartu ta segi aurrera abestia dantzatuz amaitu zen ekitaldia.