Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3a bada ere, asko izango dira asteburuan egun horren harira bertoko herrietan izango diren jarduerak.
Bermeon, esaterako, bete-betea dute asteburua; Mikel Urdangarinen kontzertua, Miñe lamiñe ekitaldia, iaz jaiotako umeen liburua aurkezteko ekitaldia eta Eleizalde ikastolak antolatutako kalejira eta jaia izango dira, besteak beste.
Kortezubin zapatuan, eta Busturian domekan, Euskararen Eguna ospatzeko aukera izango dute.
On Domingoren omenez
Ospakizun hirukoitza izango dute asteburuan Ibarrangelun. Euskara Eguna eta San Andres jaiekin batera, On Domingori omenaldia egin eta haren bustuaren inaugurazioa egingo dute. Udalerriko apaiza izan zen On Domingo, berak sustatu zituen herrian euskara eta euskal kultura; Lorea dantza taldea sortuz, euskara eskolak emanez eta beste hamaika ekimenen bidez, euskal nortasuna barneratu zieten herritarrei. Domekan, mezaren ostean inauguratuko dute On Domingoren bustua.
Argazkirako deia, Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Euskal Herrian Euskarazek, zapatuan, 12:00etan, argazki erraldoia ateratzeko deia egin du. Talde euskaltzalearen iritziz, abenduaren 3a baino harago joan beharra dago, eta izateaz aparte eragin egin behar da. Hala, parte hartzea eskatu du EHEk egunerokotasunean bizi dituzten gatazkak agerian uzteko. Diotenez, herritarrak eurak dira ahaldundu behar dutenak, euskaldun eta burujabe jokatzeko. «Euskaldunok gure herrian euskaraz bizi nahi badugu, gure buruari besterik ez diogu begiratu behar».
EGITARAUA HERRIZ HERRI
BERMEO
Barikua. 21:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, Mikel Urdangarinen kontzertua. Sarrera: 5 euro.
Zapatua. 11:00etatik 14:00etara, Bermeoko Kafe Antzokian, Miñe lamiñe ekitaldia. Herritarrekin eta euskararen alorrean lanean ari direnekin, mokadutxoa jaten, berba egiteko aukera ematen du ekitaldiak. Parte hartu gura dutenek Euskara Sailean eman behar dute izena.
Domeka. 2014an Bermeon jaio zirenen liburua aurkezteko ekitaldia Kafe Antzokian, 12:00etan. Patxin eta Potxin pailazoek girotuko dute jaia.
– Ondoren, Eleizalde ikastolak antolatuta, kalejira Goiko Plazatik Lameraraino. Han musikagaz jai giroan jarraituko ahalko dute parte hartzaileek.
BUSTURIA
Domeka. Axpe auzoko Aingerubideko Kultur Etxean:
– 12:30. Euskararen Konpromisoaren irakurketa, sinadura bilketa eta Atxurkulu elkarteari omenaldia.
– 13:00. Eskolako umeen ekitaldia: bertso saioa eta kantaldi-dantzaldia.
– 13:30. Salda beroa, trikitrixa eta Errigorako otzararen zozketa.
– 17:00etatik aurrera. Euskal karaokea eta txokolate jana.
IBARRANGELU
Zapatua. 17:00etan, briska txapelketa, kultur etxean, eta mus txapelketa, Elixalden.
– 22:30. Trikitilariak gaua alaitzeko, Elixalden.
Domeka. 11:00etan, Meza.
– 12:00. Jaioberrien oparia eta euskal dantzak, Lorea dantza taldearen eskutik. Ondoren, On Domingoren bustuaren inaugurazioa.
KORTEZUBI
Zapatua. Ume eta gazteentzako ekintzak:
– 17:30. Postal lehiaketako sari banaketa.
– 18:00. Umeentzako herri kirolak, probalekuan. Euskal dantzak, koreografiak eta merendola, aretoan.
– 20:00. Gazteentzako dantzak eta koreografiak, euskarari buruzko solasaldia eta eskupilota partidak, frontoian.
GERNIKA-LUMO
Zapatua. Euskal Herrian Euskarazek (EHE) argazkia ateratzeko deia, 12:00etan, auditorioan.