
Urtero egin modura, San Pedro kofradia osatzen zuten arrantzaleen omenez ospatuko dute Santa Katalina eguna eguaztenean, Mundakan.
Ohiturari eutsita, bezpera egunean, bihar, herriko txistulariak kalejiran ibiliko dira iluntzean. Horiek izango dira, gainera, eguaztenean ere, Santa Katalina eguna girotzen hasiko direnak. 10:30eatik aurrera, plazatik hasita,kalejiran ibiliko dira.
11:00etan, berriz, umeentzako jolasak egongo dira Santa Katalina plazatxoan, Mundakako Eskolako guraso elkarteak antolatuta. Euria egiten badu, jolasak Islakale kiroldegian egingo direla azaldu dute antolatzaileek.
12:00etan, Santa Katalina baselizan, udalbatzak meza nagusian parte hartuko du. Amaitzerakoan, herriari zuzendutako ohorezko aurreskua dantzatuko dute. Jai eguna amaitzeko, txistulariak eta buruhandiak ibiliko dira arratsaldean.
Datorren zapatuan, berriz, 31. bakailao txapelketa hartuko du Mundakak. «Kanpotar asko biltzen dituen jai» hori 10:00etan hasiko dute eta 13:00etan aurkeztu beharko dituzte kazolak. Ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Jakinarazi dutenez, epaimahaiak puntuan dagoen, zaporea eta aurkezpena hartuko ditu kontutan puntuatzerakoan.
Erabil daitezkeen lehengai bakarrak bakailaoa, olioa eta berakatza dira, urtero modura. Partehartzaileek prestaketarako behar dabezen sukalde-tresna guztiak eroan beharko dituzte, bai eta sua egiteko gasa eta beharrezko osagaiak ere.
20:00etatik 21:00etara umeentzako musika emanaldia egongo da plazan, eta 22:00etatik 00:00etara Fonoplay Discjockey-k jarriko du musika, plazan.