
2015-2016 denboraldiko seigarren berdinketa lortu zuen Gernikak atzo arratsaldean, Rayo Majadahonda taldearen zelaian. Hain zuzen ere, talde gernikarrak jarraian erdiesten duen bosgarren berdinketa da.
Gernikak hartu zuen aurre markagailuan, eta 2-0-eko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Baina, etxeko taldea ez zegoen amore emateko prest, eta bigarren zatian neurketa berdintzea lortu zuen.
Landerrek estreinatu zuen markagailua 11.minutuan, gol bikaina eginez. Aurretik ere, partida hasi eta hiru minutura gol aukera ederra izan zuen, baina, baloia langa gainera bidali zuen.
Bost minutu beranduago Aimarrek sartu zuen gernikarren bigarren gola, Larruzearen erdiraketa errematatzen asmatuta.
Lehen zatian Gernika nagusi izan zen zelaian, neurketa kontrolpean zeukan eta atsedenaldira heldu aurretik Francok eta Kevinek ere gol aukerak izan zituzten.
Majadahonda hamar jokalarigaz
Bigarren zatian ere gogotsu aritu ziren gernikarrak. Baina, 58.minutuan Alex-ek 2-1-ekoa sartu zuen, eta 65. minutuan Portillak penaltiz sartu zuen berdinketaren gola, epaileak Eriz-ek eginiko area barruko falta adierazi ostean.
Majadahondak jokalari bat gutxiagogaz amaitu zuen neurketa, 88. minutuan bigarren txartel horia ikusi baitzuen Sergi-k.
Asteburu honetan, RM Castillaren kontra
Bestalde, zapatu honetan Gernikak RM Castilla hartuko du Urbietan, hamabosgarren jardunaldian.
Hain zuzen ere, 2.B mailako bigarren multzoko sailkapenean bigarren da talde madrildarra, 30 puntugaz. Gaur gaurkoz, 33 puntugaz Barakaldo da liderra. Toledo hirugarrenak 26 puntu ditu, Amorebieta laugarrenak 24 puntu ditu eta Real Union da bosgarrena, 23 puntugaz. Gernika, berriz, seigarrena da 21 puntugaz.