Jabi Salutregi: "Komunikazioak oraindik ere eragiteko eremu indartsua du Euskal Herrian"
Preso egon den egunkari bateko zuzendari europar bakarra libre geratzea ez da komunikabide denetan agertu. Zergatik? Oso gutxitan esan dute. Bitxia da; Pantojaren sei eguneko kartzela baimena Espainiako hedabide denetan agertu zen. Ni libre geratzeari buruz, ostera, ez dute ezer esan. Hor ikusten da gauzei ematen dieten garrantzia. Hemen adierazpen askatasunaren sistema nahiko zapalduta dago. Asko itsu, mutu eta gor geratu dira. Isiltzea tokatzen zitzaien eta isilik egon dira. Hori da espainiar kazetaritzaren errealitatea. Lotsagarria da espainiar estatuarentzat zein Europarentzat. Eta zelan ikusten duzu hemengo kazetaritza? Gauza batean huts egiten du. Ez dugu euskal kazetaritzarik. Katalunian esparru katalana dute, eta hango hedabide espainiarrenek ere gertukoa dute esparru hori. Katalanismoa barneratuta dute, eta Madrilgo egunkarien aldean oso diferenteak dira. Hemengo kazetaritzak ez du euskal nazio esparru bat. Gainera, hemen, espainiar monarkia babesten duen prentsa da salduena. Bestalde, zuena bezalako adibideak, irrati libreak, herri irratiak… oso garrantzitsuak dira; beste hedabideen boterea apur bat ahultzen joateko modu bakarra. Komunikazioak oraindik ere egiteko eta eragiteko eremu indartsua du Euskal Herrian. Konparaketa asko egin dira Egin eta Egunkaria-ren itxieren artean. Arreta gune eta esparru berekoak ziren, Euskal Herria nazio ikuspegitik lantzen zutenak. Marka da biak ixtea, eta bidegabea. Ezin da ezkutatu adierazpen askatasunaren ikuspuntu baten kontra egin zutenik. Europan ez dute ulertzen Gobernu batek nola itxi dezakeen egunkari bat. Pentsaezina da haientzat. Aldiz, Espainian, askok ohiturazko gauza bailitzan ikusi zuten. Hala ere, aldeak egon, badaude. Aldeak agerikoak dira; esaterako, epaiketak eta horien ondorioak. Egin auzia 18/98 sumarioan sartu zuten, eta ez genuen besteekin zerikusirik. Komunikazioaren, adierazpen askatasunaren eta informazio eta informatzeko askatasunaren urraketaren adibide ginen. Gero, Auzitegi Gorenak esan zuen itxiera ez zela zuzena, eta ez zela itxi behar izan, baina, kaltea egina zegoen. Beste askotan bezala, Garzonek prebarikazio itzela egin zuen gurekin. Egunkaria bakarrik epaitu zuten eta adierazpen askatasunaren aurka egin zutela agerian geratu zen. Bigarren itxiera zen, ideologikoki babes zabalagoa zuen euskal jendartean, euskara hutsezkoa zen… Gainera, gure kasuan Atutxak eta Ardantzak erraztu zuten polizia espainola Egin-en sartzea. Biek Egin-en aurkako heresiak esan zituzten, higiene demokratikoagatik itxi behar zela… Gero, gurekin egindako basakeriaz ohartzean, EAJko batzuen babesa jaso genuen. Uste al duzu zuena bezalako erasoa berriz gerta daitekeela? Ez naiz fidatzen. Bi egunkari, irrati eta aldizkari bana ixtera ausartu ziren. Gaur egungo egoera ez da hain krudela eta gogorra, eta estatu espainiarrean egoera politikoa aldatuko dela diote, baina, ikusiko da. Europar eta espainiar eskuina ez-ohiko neurriak hartzen dabiltza nazioarteko terrorismoa deritzenaren aitzakian. Segurtasun erabaki ikaragarriak hartzen ari dira eta hori hedabideetara zabaldu liteke. Egunkariak itxi ez dakit, baina zentsura eta antzekoak epe laburrera etorriko direla uste dut. Adierazpen askatasuna dardarka geratuko da. Segurtasuna lehenetsi gura dute askatasunaren gainetik; hori oso arriskutsua da gizartearentzat. Askatasuna segurtasunaren gainetik egon behar da. Kontrola gero eta handiagoa den heinean, askatasun eta ongizate gutxiago dugu. Epe laburrera edo luzera, baina uste dut iraultza prestatzen ari dela. Hori pentsatu gura dut.“Hemen adierazpen askatasuna nahikoa zapalduta dago”
Orain, Egin-en zuzendari bazina zein editorial idatziko zenuke? Izan gaitezen Katalunia edo halako zerbait; Euskal Herria izanik izan gaitezen Katalunia. Katalunian ireki duten bideak zer pentsatua eman eta ikasteko balio behar digu. Askori entzun diot Katalunia ez dela Euskal Herriaren berdina, eta hala da. Baina beren askatasunagatik borrokatzen diren herri denak dira berdinak. Beraien identitateagatik, etorkizun ikuspegiagatik, kolektitibitateagatik, hobeto bizitzeagatik… borrokan gauden herriok badugu berdintasun bat. Eskoziarren eta katalanen ezberdinak gara, baina eraiki nahi dugun gure herria imajinatzean, identifikatzen garen herria imajinatzean berdinak gara. Eta idatzi gura zenukeena? Borrokatu eta lortu dugu. Besarkatu gaitezen; bultza dagiogun gurdi berari, norbere ideiekin. Elkarrekin bizi gaitezen, elkar errespetatuz, eztabaidatuz, haserretuz… Baina, etxean haserretu gaitezen, gure etxearengatik .“Katalunian irekitako bideak zer pentsatua eman, eta ikasteko balio behar digu”