Eñaut Elorrieta. Ken Zazpi taldeko abeslaria
Ken Zazpi
Disko berriagaz dator Ken Zazpi, eta berrituta dator taldea. Lan egiteko modua berria izan da taldearentzat, eta emaitza ere desberdina dela diote. Gaur bertan ikusiko du argia estudioko azken lanak. Honainoko ibilbidea apasionantea izan dela aitortu du Eñaut Elorrietak (Gernika-Lumo, 1975).
Phoenicoperus lana aurkeztuko dozue hilaren 20an. Hasteko, izenburuak zeresana eman duela suposatzen dut.
Bada naturan arrano espezie bat, 15 urte inguru izatera iristen denean, pisutxuegi bihurtzen dena hegan egiteko, eta jadanik, pikua ere gastatuegi du ausardiagaz ehizatzeko. Espezie horretako gehienak hil egiten dira horretara iritsita. Baina bakan batzuk, bere habira bueltatu, eta pikuarekin luma guztiak banan-banan erauzi eta pikua bera ere harkaitzen kontra arrankatzen dute. Luma eta piku berriak ateratzen zaizkie eta beste hainbat urtez bizi dira. Mitoen munduan, mito greziarra da Phoenicoperusa, Fenix hegaztia, bere errautsetatik birsortu zena. Kontzeptu bezala oso interesgarria iruditzen zaigu talde bezala sentitu ditugunak irudikatzeko; baita sozial eta politikoki bizi dugun inflexio puntu eta aldaketen garaiari erreferentzia egiteko ere.
Aro berri bat hasi duzue.
Diskorik disko, erronka eta bide berriak bilatzen ditugu, horrek ematen dio zentzua egiten dugunari. Benetakotasuna. Bizirik sentiarazten gaitu eta ikasten jarraitzeko bidea ireki. Egiten duguna zintzoki sentitzen eta sinisten ahalegintzen gara. Desikasi, eta bide eroso eta jakinetatik ihesi lortzen dugu haztea. Ohiko helduleku seguruak askatzean aukera berriak irekitzen zaizkigu. Musikalki ere bide berriak bilatzen saiatu gara, orain arte erabilitako moduak zalantzan jarrita, betiko gure formuletatik ihesi. Neurri batean, lortu dugula uste dugu.
Zer berri dakar azken lan honek?
Hamar kanta berri. Azken bi urteetan ibili dugun bide horren behin-behineko emaitza da. Burutu dugun diskorik homegeneoena beharbada, organikoena, esperimentalena, freskoena, zikinena… Gure britpop eraginetatik aldendu gara, eta epikarako beste era batzuk bilatu ditugu. Kantuen barne dinamikak sotilagoak dira, ñabardurei eman diegu garrantzia, eta pasarte instrumental errepikakorretan bilatu ditugu klimax egoerak. Sinteek pisu handiagoa dute, badute 80ko hamarkadako kutsu bat, eta kantu bakoitzari eskatzen zuena ematen saiatu gara, diskoaren ikuspegi estetiko globalak itsutu gabe. Gure soinu propioaren bilaketan sakondu dugula sentitzen dugu.
Ricky Falkner ekoizlearen laguntza izan duzue oraingoan.
Gidari bat nahi genuen, bidelagun bat, bere esperientzia eta gustuekin lagunduko ziguna. Falknerrek ausartagoak izateko aukera eman digu, une batzuetan bere besoetan abandonatzeko aukera ere bai, eta esperimentazio bide horretan emaitzak azkarrago lortzeko aukera eman digu. Gure barruko onena ateratzen lagundu digu, berez ausartuko ez zinatekeen erabakiak hartzera bultzatu. Oso hari fina da askotan kantu bat zabaltzetik mugatzera eramaten duzuneko tartea, eta kriteriodun kanpoko begirada batek argia ekarri dezake. Hala izan da.
Desberdina da disko hau. Besteekiko hain desberdina?
Guretzat bai, baina entzuleek esan beharko dute. Guretzako lan egiteko modua ezberdina izan da, eta kantuak beste nonbaitera eramaten saiatu gara. Baina azkenean, beti bezala barrua hustu eta gure kezkak adierazi ditugu. Badira kantu ausartak, baita aurreko diskoetako oihartzun handiagoa dutenak.
Hamar kanta bildu dituzue. Bi instrumentalak. Gainontzekoeek ze mezu dakartzate?
Harkaitz Cano, Lander Garro, Unai Iturriaga, Sarrionandia eta Amets Arzallus izan ditugu letretan bidelagun. Sarrionandia ez ezik, beste denak berriak dira kenzazpiren kantuetan, aire berri hori letretara ere eraman nahi genuelako. Phoenicoperusaren kontzeptutik harago, inmigrazioa eta errefusiatuen gaia, mozal legea, eta gaur egungo egoera sozial eta politikoa jorratu ditugu. Aldaketa sakonen garai batean gaude, esan bezala, eta, beharbada, denbora pasa beharko da aldaketa horien sakontasunaz jabetzeko, gu ere tren horretan sentitzen gara. Bizitzaz eta heriotzaz hitzegiten dugu era sinboliko batean. Hiltzeko bizi eta bizitzeko hil beharraz.
Estudiora abestiak landuta eraman dituzue, baina, oraingoan, aldaketarako irekiagoak heldu zarete grabaziora. Ba al da asko aldatu den abestirik?
Bai, hala da. Oreka zaila eta berria zen guretzat. Erronka izan da hori bere horretan. Estudioan, kantuak esentzian ez dira gehiegi aldatu. Baina soinu eta moldaketen ñabarduretan dago askotan kantuen arteko koska, eta Rickyk ezinbesteko aportazioa egin du zentzu horretan. Denbora beharko dugu dena digeritzeko, baina gauzak mugitu zaizkigula uste dut.
Ezer berezirik espero al duzue lan honetatik?
Guri prozesuak berak jada eman dizkigu fruituak. Orain diskoak eta kantuek bere bide propioa egingo dute, gu gaindikoa. Urteak daramatzagu zuzenean jo gabe, eta irrikitan gaude.
Ohiko saltokietan ez ezik, diskoa Durangoko azokan izango dela aurreikustekoa da.
Bai, han izango gara. Zoritxarrez, holako guneen behar handiegia dugu gure herrian; besteak beste, ez dagoelako inungo estrategia kulturalik epe ertain eta luzera. Gune ezinbestekoa bihurtu da aspalditik eta ez dugu hutsik egingo. Gure entzuleekin aurrez aurre izango gara, egun bereziak dira, gure azken lana aurpegiz aurpegi, eskura ematen diegulako.
Kontzerturik lotuta?
Urtarrilean hasiko dugu bira, eta hil horretan Bilbon, Donostian eta Iruñean joko dugu.
KONTZERTUAK:
Urtarrilak 8: Arriaga antzokia (Bilbo)
Urtarrilak 9: Arriaga antzokia (Bilbo)
Urtarrilak 15: Victoria Eugenia antzokia (Donosti)
Urtarrilak 16: Victoria Eugenia antzokia (Donostia)
Urtarrilak 30: Zentral Kafe antzokia (Iruñea)