Mendata
Mendatako Udalak 2016. urterako ordenantza fiskala onartu du, eta lehendik izoztuta izan dituen zenbait udal tasa eta zerga bere horretan mantentzea erabaki du. Hain zuzen, 2013. urteko mailan mantenduko ditu tasa eta zerga zehatz horiek.
Mendatarren bizi kalitatea hobetzea eta, gaur egun gizartean bizi duen egoera ekonomikoaren aurrean erraztasun ekonomikoak ematea da Mendatak hartutako erabakiaren xedea.
2016ko zirkulazio zerga, Ondasun Higiezinen gaineko zerga eta mendietatik zura ateratzearen zerga dira, hain zuzen, 2016an ere igoerarik izango ez dituztenak, udal arduradunek jakitera eman dutenez.
Herriko alkate Joseba Malleak azaldu duenez, «Mendatan bizitza errazagoa egitea da gure zeregina eta ardura. Gure herritarren orainaren eta etorkizunaren alde egiten dugu; hortxe oinarritzen ditugu gure udal erabakiak eta eguneroko beharra».
Bestalde, hiri hondakin solidoen bilketari dagokionez, indarrean dagoen araudia bete behar duela dio udalak, eta, horrek, erabiltzaileek zerbitzua ordaindu behar izatea dakarrela. 2016an, hileko euro bateko igoera izango du zerbitzu horrek. Hala, hilabeteko kuota 2016an 9,14 euro ordainduko dute mendatarrek.