Foruko Udalak etorkizuneko hiri planaren oinarriak ezarriko ditu
Foruko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria burutuko duen lan talde tekniko-juridikoaren kontratazioa martxan jarri du. Erredakzio lan talde horrek 25 hilabeteko epea du proposamena egiteko, eta eskaintzaren kostua 169.000 eurokoa dela azaldu dute udaleko arduradunek.
HAPOa lantzeko prozesua «konplexua» dela azaldu du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak; izan ere, behin betiko onartu arte, derrigorrez, 7 fase bete beharko ditu erredakzioan.
Foruko HAPOa prozesu «koordinatu» baten bitartez burutuko dela diote: «Herritarren partaidetza eta udalbatzaren erabakiak fase bakoitzari egokitzeko».
Otsaila eta apirila bitartean, herritarrek partaidetza prozesuaren bitartez, agertu zituzten gaiak hartuko dituzte kontuan HAPOa diseinatzerako orduan. Landa guneetako etxebizitzen tipologiaren dibertsifikaziorako arauen ikerketa idaztearen beharrizana ikusten zuten herritarrek, «hala, eskaintza eta eskaria kudeatzeko aukera analizatu ahalko da».
Era berean, Foruko paisaiaren balore historikoak eta arkeologikoak aztertzeko txostena ere burutuko da. Gainera, «eguneratutako informazio jarraitua bermatzeko», herritarren partaidetza planarekin jarraituko dutela azaldu dute.
Azkenik, errepideak herria bitan banatzen duela kontuan hartuz, BI-2235 errepidearen arriskugarritasuna aztertzeko ikerketa bat ere egingo dute, «hurrengo urteetarako alternatibak eskaini ahal izateko».
«Elaborazio prozesu gardena eta adostutakoaren alde egiten dugu»,dio Foruko alkateak. Horregatik, egin zuten lehenengo gauza herritarrekin batzea izan zela dio, partaidetza diagnostikoa burutzeko: «Handik ateratako ondorioak bide onean lan egiten jarraitzeko gida lerroak eskaintzen dizkigute, ahal den heinean, Forun bizi garenon beharrezanei erantzuteko».