Egindako bideari batu eta oraindik ere bidea egiten jarraitzen duela erakutsiko du bihar Elai-Alai dantza taldeak. Orain 50 urte birsortu zuten taldea, eta jaialdi berezia egingo dute.
Maiatzaren 23an batu ziren elai-alaikoak
Bizirik dirauela erakusteko aukera izango du Gernika-Lumoko Elai-Alai dantzari taldeak bihar. 50 urte bete ostean, oraina ez ezik, etorkizuna ere baduela taldeak.
Ekitaldi berezia hartuko du Jai Alai pilotalekuak bihar iluntzean, 19:30etik aurerra. 1965. urtean taldea berriro sortu zutenetik gaur egun arte dantza taldeko kide izan diren, eta gaur egun oraindik kide diren, herritarrak batuko dira frontoiko kantxan. Espektakulu berezia izango da herritarrek ikusi ahal izango dutena.
Erbestetik bueltan Elai-Alaiko dantzari txikiak ziren haiek haartu zuten iniziatiba, eta taldearen urteurrenean –maiatzaren 23an– 50 urte lehenagoko egun hura gogora ekarri zuten. 1965. urtean egin bezala, Juntetxean batu eta argazkia atera zuten. Ostean, dantza erakustaldia egin zuten Pasealekuan. 1965ean bezala, 2015ean ere zapatua izan da maiatzaren 23a.
Herrian ere bizirik
Erbestetik bueltako talde horren bultzada eta gonbidapena kontuan hartu eta aurten zerbait berezia egin zezaketela iritzi zioten gaur egun Elai-Alaiko nagusien taldea osatzen dutenek. Olaia Laka eta Egoitz Atxikallendek azaldu dutenez, pena eman zien taldetik igaro diren beste belaunaldiek urteurrenean ez parte hartzea. Beraz, gonbidapena zabaldu eta, ospakizunak belaunaldi denetara heltzeko moduko ekitaldia antolatu dute.
«Erbestetik bueltan taldea birsortu zutela gogoratzea garrantzitsua bada ere, gure ustez, are garrantzitsuagoa da taldeak gaur egun bizirik darraiela erakustea», dio Atxikallendek. «50 urte hauetan taldea bizirik izan da beti, eta herriari hainbat ekarpen egin dizkio». Urtean 30 ekitaldi inguru egiten dituztela gogorarazi dute gaur egungo talde nagusiko kideek, «eta horietatik gehienak Gernika-Lumon bertan egiten ditugu».
1927. urtean Segundo Olaetak Elai-Alai sortu zuenean bere hazia jarri zuela aitortu dute, eta 1965. urtean taldea birsortu zutenean ere beste hazi bat jarri zutela. Hala ere, gaur egungo belaunaldiek ere beraien hazia jartzen jarraitzen dutela azpimarratu dute, eta horrek duen garrantzia ere aitortu beharra dagoela.
Zapatuko ekitaldian, beraz, joandako garaiak, gaur egungoak eta etor daitezkeenak izango dituzte presente.
Ehundik gora dantzari
Ikusgarritasuna erantsi gura diote bihar Jai Alai frontoian egingo duten ekitaldiari. Belaunaldien aniztasunari dinamismoa gehituko diote Elai-Alaikoek. «Umeen tartean, esaterako, ume nagusienak aterako dira lehenengo, eta dantzaz dantza gaztetxoagoak joango zaizkie gehitzen». Hala, eszenarioan gero eta ume gehiago batuko direla azaldu dute, gero, azkenean, denek elkarrekin dantza bat egiteko.
Ehun lagun baino gehiago batuko dira dantza saioan. Ekitaldiarekin hasteko, hiru dantzako saio laburra egingo dute mutilek eta neskek, bakoitzak bere aldetik. Umeak aterako dira ostean, eta gaur egungo nagusien taldearen tartea izango da gero. «Amaitzeko, nagusi gehienek, batera, Lapurdiko inauterietako zenbait dantza egingo ditugu», aurreratu dute Lakak eta Atxikallendek.
Beraz, ekitaldiak 50 urtetan Elai-Alai zer izan den sinbolizatuko duela uste dute, «taldean zenbat herritarrek parte hartu duten iksuiko da, eta horiek denek egin dute posible Elai-Alai».
Gazteak kultur elkarteak eta Busturialdeko Gaiteruek ere parte hartuko dute 50. urteurreneko ekitaldian, eta haien laguntza eskertu du Elai-Alaik. «Beraien ekarpena ezinbestekoa da, eta taldekotzat jotzen ditugu».
Bestalde, Busturialdeko zenbait dantza taldeek materiala utzi izana ere eskertu dute, eta Maier kooperatibak zein Gernika-Luoko Udalak egin duten ekarpen ekonomikoa ere. «Aurten, 50. urteurreneko jaialdiaz gain, Busturialdeko dantzari egunak antolatu behar izan ditugu, eta lagutza hori eskertzekoa da».
Elai-Alai eguna
Luntxarekin emango dute amaitutzat eguna. Baina hurrengo zapaturako –azaroaren 28rako– deia ere egin dute. Izan ere, Elai-Alai eguna ospatuko dute egun horretan, eta aurten jende gehiago batzea espero dute.
Ohi legez, Agurra dantzatuko dute 12:30ean, Elai-Alai plazan. Ostean, aurresku mistoa egingo dute Merkurio aurrean. Bazkaria eta osteko erromeria Astran izango dira, eta bazkarirako txartelak Lagun Etxea eta Auzokoa tabernatan daude salgai. Biharko ekitaldian ere erosi ahal izango dira.