Udalak agiri ofizialen inguruko akordioa sinatu du Jaurlaritzagaz
Elantxobeko udalak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentu ofizialei buruzko akordioa lortu berri dute.Zehatz esanda elantxobetarrek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio organoetara nahiz horien menpeko zuzenbide publikoko erakundeetara bidaltzen dituzte...
Zehatz esanda elantxobetarrek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio organoetara nahiz horien menpeko zuzenbide publikoko erakundeetara bidaltzen dituzte dokumentu ofizialen inguruko hitzarmena da sinatu dutena.
Aurrerantzean elantxobetarrek udalean utzi ahalko dituzte agiri horiek eta udalak dagokion instituzio publikora bideratuko ditu.
Hala, herritarrek idazkiak udal erregistroan aurkeztu baino ez dituzte egin beharko.
Hau da, Elantxobeko udalak bitartekari moduan jardungo du: «Udalak konpromisoa hartzen du herritarren eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak bere erregistroan onartu eta jasotzeko eta dagozkion organo eta erakundeei zuzenean bidaltzeko, beti ere, irteera-data idatzita egongo delarik».
Horretarako, Jaurlaritzak ezinbesteko diren informazioa eta baliabideak emango dizkio udalari.
Hain zuzen ere, erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta beharrezkoa den lankidetza eskainiko dio.
Lau urterako
Lankidetza hitzarmena lau urterako dela jakitera eman du Elantxobeko udalak.
Udalak elantxobetarren zerbitzura dagoela berretsi du, herritarrei bizitza erraztu eta herrian bizi kalitatea hobetzeko: «Horren harira argi daukagu izapide administratiboak egiteko desplazamenduak ekiditzeko beste zerbitzu garrantzitsu bat dela».
Halaber, akordioak osoko bilkuran zinegotzi guztien adostasuna izan duela azaldu du udalak, eta nabarmendu duenez honako hitzarmen hau lortzeko ezinbestekoak izan direla udaleko teknikari eta langileen lan «ona, eraginkortasuna eta inplikazioa».